Euskal Herria

Neurriak eskatu dizkiete politikariei Cabacasen auziko "injustiziari" aurre egiteko

Iñigo Gogoan herri plataformak salatu du Eusko Legebiltzarrak ez duela pausorik eman polizia eredua aldatzeko, nahiz eta gaitasuna baduen, eta ohartarazi du ez dela debekatu gomazko pilotak erabiltzea.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2013ko azaroaren 18a
18:06
Entzun

Iñigo Gogoan herri plataformaren ustez, ez da nahikoa Bilboko Epaitegiak lau ertzain inputatu izana, Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek buruan jota Iñigo Cabacas hil zuenetik urte eta erdi igaro ondoren. Horrenbeste denboraren ondoren inputazio horiek soilik egoteak gizartean ezinegona areagotu duela diote: "Prestigekasuarekin bezala gertatuko al da? Kasu hau urteetan luzatuko al da, azkenean ezer ez zela gertatu ondorioztatzeko, errudunik ez dagoela esateko?". Itxura hori hartu diote auziari.

Ez dute ulertzen pilotak jaurtitzeko eskopetekin aritu ziren gainontzeko ertzainak inputatu ez izana. Are gutxiago, operazioa agindu zutenei konturik ez eskatzea: "Zer gertatzen da Ugarteko-rekin? Zer gertatzen da Buen eta Varelarekin?". Plataformako kideen hitzetan, horiek diseinatu eta agindu zuten Cabacasi heriotza ekarri zion operazioa, eta, beraz, beren erantzukizunak dituzte. "Inpunitatea" nagusi dela salatu dute, ordea.

Politikariei, berriz, ohartarazi diete beraiek ere badutela ardura. "Neurriak har ditzakete". Salatu dute Eusko Legebiltzarrak ez duela galarazi gomazko pilotak erabiltzea, eta gogorarazi Katalunian parlamentuak erabat debekatu duela.

Herri plataformako kideak uda aurretik Eusko Legebiltzarreko taldeetako ordezkariekin bildu zirela gogoratu dute; dagoeneko neurriren bat hartua behar luketela, baina ez dutela halakorik egin. Behingoagatik "injustizia gelditzeko urratsen bat" egin dezatela eskatu diete. Eta, plataformaren ustez, Ertzaintza "benetan aldatzea" eta polizia ereduaren inguruan sakon eztabaidatzea da horretarako modua. EH Bilduk aurreko astean aurkeztu zuen eztabaida hori sustatzeko galdera Legebiltzarrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.