France Euskal Herri Iparraldeko albistegiak 20 urte bete dituenean, berri gazi-gozoak iritsi dira opari gisa Baionako ordezkaritzara. Allande Boutin (Vernon, Normandia, 1958) kazetariaren esanetan kate publikoak iragarritako neurriek euren eta euskararen etorkizuna kolokan jartzen dute.
Zertan eragiten dute zehazki FranceTVk hartutako neurriek?
Orotara, tokiko 13 kate dira kaltetuak; emisioak eten eginen dira hiru astez, Aste Santuan —urriaren 29tik azaroaren 9ra— eta Eguberrietan —abenduaren 24tik urtarrilaren 1era—. Horien artean dago FR3ko gure albistegia ere: France Euskal Herri. Lantaldean bikote bat mantenduko da, gai bat jorratzeko. Baina guk normalean 5-6 gai lantzen ditugu egunean; laburbilduta bada ere Iparrraldeko informazio nagusiak aipatzeko. Tartean euskarazko gaiak; ez dago esan beharrik gai bat landuko bada, ezingo dela euskarazkoa izan. Galtzaileak, beraz, ikus-entzuleak eta euskara izango dira. Azken 20 urteetan sortzen, eraikitzen eta mamitzen saiatu garena zapuztuta egongo da; horrek sortzen du gure baitan tristezia eta haserrea. Gainera, nola pentsa daiteke berriek oporraldiak hartzen ahal dituztela? Informazioak ezin du etenik izan, horrek ez du inolako zentzurik.
Izan ere, France Euskal Herri albistegia da euskarazko bakarra.
Bai, Frantzian ez da besterik, ez kate publikoetan ezta pribatuetan ere. Albistegi gisa diot; gero badira emanaldiak eta erreportajeak kate pribatuetan. Baina albiste gisa, gu gara bakarrak. Egunean gai bat edo bi egiten ditugu, aktualitatearen arabera. Egia da gutxi dela, baina, gai lehen lerrokoa bada eta euskaraz egiteko aukera badugu, hala egiten dugu, normaltasun osoz. Iparraldean euskararen presentzia bermatzen dugu kate publikoan. Eta horrek ere kezkatzen gaitu. Izan ere, pentsatzen ari gara ez ote nahi duten batzuek zerbitzu publikoaren amaiera; iruditzen zaigu hortik doazela gauzak.
Enpresak, ordea, argudio ekonomikoak erabiltzen ditu. Zer diozue?
Kinka larrian gaudela ez dago dudarik, edozein arlotan bezala. Hori dela eta langileak prest gaude denbora gutxiago lan egitera edo. Baina albistegiak kentzea ez ba batera aterabide ona; onartezina eta ulertezina da, jendeak ahantziko baigaitu hiru astez desagertuz gero. Ekonomikoki esaten dute 700.000 euro aurreztuko dituztela. Guk ez dugu ulertzen. Momentu horretan ez baigaude jarduerarik gabe, oporrak hartzera behartzen gaituzte, baina langile batzuk ezin dute oporrik hartu. Aurrekontuetan lerro bat agertuko da esaten duena: tokiko telebistetan horrenbeste langile, bider hainbeste soldata gehi argindarra eta bestelako gastuak, hainbeste aurrezten da. Baina balantze bat ateratzeko besterik ez du balio. Guk uste dugu horren atzetik tokiko telebista ezabatzeko asmo bat egon daitekeela; tokiko telesbisten sarea ez dutela desegingo diote behin eta berriz, baina gu ez gara fida. Adibidez, Frantziako Ikus-entzunezko Kontseiluko presidenteak herenegun esan zuen France TVren arazoa hirugarren katea dela, kate erregionala, alegia. Agerikoa da tokiko kateak begiztatu gaudela.
Tokiko emisioen aurka jotzea ez al da katearen oinarriak erasotzea?
Pobretze prozesu bat da. Gurean tokikoak, estatukoak eta nazioarte mailako berriak ematen dira, baina beti beste sentsibilita batekin. Esaterako, Eusko Legebiltzarrerako urriko bozen gainean beste ikuspuntu bat izango genuke; Roselloko ordezkaritzan ere Katalunian piztu den independentziaren inguruan beste gertutasun bat dute. Hori oso aberasgarria da, baita Frantziarentzat ere. Tokiko kate publikoak kenduz Frantziak ere galtzen du.
Audientzia onak dituzue, gainera.
France Euskal Herri bertako emanaldi ikusienetakoa da, 3.postuan da aurten. Bataz beste, 48.000 ikus-entzule inguru ditu egunero. Iparraldean 280.000 biztanle inguru izanen gara orotara. Ikus-entzule horiekin zer gertatuko da? Nekez uler daiteke, galduta gabiltza.
Eragile politikoen aldetik ere atxikimendu zabala jaso duzue.
Sostengu oso anitza dugu, frantses ezkerretik eskuineraino zinegotziek bat egiten dute gurekin. Oso lagungarri zaigu hori. Ipar Euskal Herriko bi diputatu sozialistek, adibidez, Parlamentuan galdera bat egingo diote kultura ministroari azaldu dezan zertan den telebista publikoaren geroa. Babes handia izan dute Ipar Katalunian eta beste eremuetan ere.
Herenegun egindako grebak ere jarraipen zabala izan zuen, ezta?
Mobilizazio ikaragarriak izan ziren. Baionan %100ekoa; lantalde guztiak egin zuen protesta, erredaktore burua barne. Eskualdean, bost erredaktore buruk egin zuten greba eta, bataz beste, %80ko jarraipena izan zuen.
Mobilizazioek jarraipena izango dute datozen hilabeteetan?
Bai, bai. Guk pentsatzen dugu oraindik ere lortuko dugula ez ixtea. Gogotsu ari gara lanean. Frogatuko dugu gure lekua dugula, funtzio bat betetzen dugula eta betetzen jarraitu behar dugula. Facebooken itxieraren aurka sortutako orriak 1.500 jarraitzaile lortu ditu lau egunetan. Ez dago batere gaizki.
Frantzian Hollandek bozak irabazi ostean, espero al zenuten halako erabakirik?
Behintzat nik ez. Nik pentsatzen nuen alderdi sozialistak bermatuko zituela zerbitzu publikoak. Egia da, ordea, hau azkeneko bost urteetan eramandako politikaren fruitua dela. Kontuan izan, gainera, telebista publikoan ez dela barne aldaketarik izan hauteskundeen ostetik. Jarraitzen dute, beraz, aintzinako politikarekin. Hala ere guk ez genuen uste itxiko gintuztenik, neurriak hartuko zituztela bai, baina ezustean harrapatu gaitu. Espero dugu sozialistek atzera egitea. Okerrera egiten badu, ez nuke ulertuko. Egia da ahaleginak egin behar ditugula, prest gaude. Baina saioa gelditzeak ez du zentzurik. Gainera neurria inposatu egin digute. Sindikatuekin, langile batzodeekin eta abar hitz egin gabe iragarri dute.
Berri txarren artean, beti ere, bada bat ona.
Bai, FR3 kateak tokiko hizkuntzei begirako politika bat jarri du martxan, eta horren baitan, euskarazko magazine bat egitea proposatu digute. Saioak Txirrita du izena eta hiru igandean behin emango da; 11etatik aurrera. Irailaren 30an hasiko da eta 26 minutuko saioa izango da, denetariko gaiak landuko dituena. Gure helburua euskara hizkuntza modernoa dela erakustean da.