Gertatutakoa sinetsi ezinik zebiltzan atzo Santutxuko bizilagunak. Ertzaintzak ikerketarako frogak biltzen zituen bitartean, Zabalbide kalea itxita egon zen atzo eguerdira arte, eta polizia lerroaren inguruan bildutako dozenaka lagunen ahotan ez zegoen beste konturik. Ikara ikus zitekeen lekukoen begiradetan, urduritasuna inguruko bizilagunen keinuetan, harridura ezbeharraz jakin berri zutenen aurpegietan. «Beldurra, beldur handia pasatu dugu», zioen Zabalbide kaleko denda bateko langileak.
Erasoa gertatu zenean nahasmen handiko uneak izan zituzten auzoan. Dendariak azaldu duenez, zer egin eta nora jo ez zekiela ibili zen jendea, ihesi: «Izututa zeuden, eta ahal duten lekuan babestu dira». Erasotzailearen jarrerak eman zien beldurra: «Histeriko zegoen, ero moduan. Ezin zuten gelditu». Ezintasuna nabari zen lekukoen hitzetan, ezinegona. Inork ez zuen izenik eman nahi. Erasotzaileari aurre egin ziotenek ere labankada jaso zutela zioten: «Aurrean jartzen zitzaion edonori erasotzen zion». ErrondaBerri tabernan hura geldiaraztea lortu zutenek ere «beranduegi» jardun izanagatik nahigabea azaldu zuten.
Erasoa edonori gerta izan zekiokeela sentitzen zuten Zabalbideko langile eta bizilagun askok. ErrondaBerriren aurreko estetika zentro batean lan egiten duen emakume gaztea, adibidez, tabernan egon ohi da erasoaren orduan: «10:00etan zabaltzen dugu, eta pixka bat lehenago heltzen naizenez, kafea hartzen dut ErrondaBerrin. Bidean lagun batekin topo egin dudalako, pixka bat beranduago heldu naiz. Ni izan nintekeen; ni ere barruan egon nintekeen».
Lehenago, gimnasioan
Erasoa gertatu baino pixka bat lehenago, auzoko gimnasioan egon zen oldarraldia izan zuen gizona, solairu batetik bestera, «bueltaka, bezeroak agurtzen». Bertako harrerako langilea ere ezin sinetsita zegoen: «Lasai zegoen, baina zerbait arraroa zuen begiradan. Begiraleari esan nion bistatik ez galtzeko, baina badaezpada ezer ez esateko». Aurrean izan zuen gizona, gimnasiotik atera baino lehen harreran geratu baitzen, «kartelak irakurtzen»: «Lapurtuko zidalakoan nengoen; janzkerari-eta erreparatu diot, deskribapena eman ahal izateko».
Kalean gertatutakoaren berri izan zuenetik, urduri zegoen harrerakoa, «gozakaiztuta», modu horretan jokatu zuen gizonezkoaren jarrera ulertu ezinda. Atzo, 09:00 aldera, 50 eta 60 pertsona artean zeuden gimnasioan: «Sarraskia egin zezakeen hemen».
«Ni ere barruan egon nintekeen»
Beldurra eta ezintasuna sentitu dute Santutxu auzoko bizilagunek eta langileek erasoa dela eta. Lekukoek azaldu dute atxilotuak aurrean jartzen zitzaion edonori eraso egin ziola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu