Nafarroako 3. Gizarte Epaitegiak epai batean adierazi du NIE Nafarroako Ikastolen Elkarteak langileen soldatetan egindako murrizketak ez direla legezkoak. Hala, arrazoia eman dio NIEk hartutako neurriaren aurka ELA eta LAB sindikatuek jarritako salaketari. Alde horretatik, epaitegiak adierazi du langileek eskubidea dutela murrizketaren aurretik jasotzen zuten soldata jasotzen jarraitzeko. Era berean, nabarmendu du NIEk hartutako neurriak askatasun sindikala eta negoziazio kolektiborako eskubidea urratu dituela.
ELA sindikatuak begi onez hartu du erabakia, eta «aurrerapausotzat» jo du soldata murrizketen aurkako borrokan, «are gehiago» jakin berri denean 2012an itunpeko irakaskuntzak Nafarroako aurrekontuetan 4 milioi euroko murrizketa izanen duela. Alde horretatik, murrizketa horrek langileen soldatetan eragina izanen duen «beldurra» adierazi du sindikatuak. Era berean, itunpeko irakaskuntzan zein publikoan izandako murrizketen aurkako salaketan «berretsi» du bere burua ELAk, eta egungo krisi ekonomikoa langileek «ordain» ez dezaten borrokan jarraitzeko konpromisoa nabarmendu du.
Murrizketen justifikazioa
Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilariak, ordea, aurrekontuetan eginiko murrizketak justifikatu ditu, horrek «inor pozten ez duela» aitortuta ere. Horren haritik, adierazi du murrizketek Nafarroako Gobernua «inor baino gehiago mintzen» dutela. Edonola ere,«krisi egoera» larria dela gogora ekarriz justifikatu ditu murrizketak, eta gogorarazi du «baliabideak optimizatuz» politika «asko» gara daitezkeela. Era berean, adierazi du Nafarroa hezkuntza inbertsioan Espainiako Estatuko «buruan» dagoela.
Bide horretatik, Nafarroako Gobernuak Hezkuntza, Osasun eta Gizarte Politiken sailei «trataera berezia» eman diela nabarmendu du Iribasek. Hala, adierazi du krisi egoeran gobernuak «arduratsu» jokatu behar duela, eta azpimarratu du murrizketen gisako gaien inguruan eztabaida eskatzen duten «sektore guztiekin» hitz egiten ari dela.
«Kalitatezko» hezkuntza
Nafarroako bigarren hezkuntzaren inguruan eginiko azterketaren ondorioak azaltzeko agerraldian egin zituen Iribasek adierazpenok, atzo. Azterketa horren arabera —Espainiako Gobernuko Hezkuntza Ministerioak egina—, Nafarroak «kalitatezko eta bidezko» Bigarren Hezkuntza du, «bikaintasuna garatzen duena». Nafarroako 49 ikastetxetako—itunpeko irakaskuntzako 20 eta publikoko 29— 1.643 ikasleri egin diete azterketa. Lau esparruren inguruko gaitasunak hartu dituzte kontuan: komunikazio ahalmena, matematikak,ingurumenaren ezagutza eta horrekiko elkarreragintasuna eta prestakuntza soziala.
Iribasek «poza» agertu du ikerketan jakinarazi dituzten ondorioengatik. Haren esanetan, azterketak emandako emaitza positiboen faktore nagusiak dira Nafarroako gizarteak hezkuntzari ematen dion balorazio «altua», zentroetako zuzendaritzen «lidergoa» eta irakasleen «giza, zientzia eta didaktika maila altua».
NIEk eginiko soldata murrizketak ezetsi dituzte epai batean
Justiziak ontzat jo du ELAk eta LABek Nafarroako Ikastolen Elkartearen kontra jarritako salaketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu