Dagoeneko ohikoa den bezala, gaur deklaratu behar zuten bi auzipetuek ere uko egin diote fiskalaren eta akusazio partikularraren galderei erantzuteari. Xabier Balantzatego abokatu azipetua izan da deklaratzen lehena. "Nazio erikuntza kriminalizatzen dutenei" ez diela erantzungo esan ostean, Aitor Rivero defentsako abokatuak egin dizkion galderei erantzun die. Balantzategik ziurtatu du ez dela sekula Ekineko liberatua izan. Hala ere, EH Euskal Herritarroken lan egiten zuela azaldu du: "EHko langilea nintzen dedikazio osora". Edonork izan dezakeen lan ordutegia zuela eta bere lana EHeko lan publikora mugatu zela gaineratu du.
Balantzategi Bilboko Alde Zaharreko bizilaguna da eta Ekineko Bizkaiko arduradun sekula izan ez den arren Ekinek auzoan antolatutako hainbat ekimenetan parte hartu zuela azaldu du. Berak ikusitakoaren arabera Ekinek egindako lana beti publikoa izan dela azpimarratu du eta auzoan beste hainbat erakunderekin elkarlanean aritzen zela. Ekinek auzoetan egindako lana inork kontrolatzen ote zuen galdetu diotenean ezinezkoa zela azaldu du. Batetik horrelakorik nahi ez zutelako eta bestetik Ekinek nazio eraikuntzan lan egiten zuelako. Balantzategik adierazi duenez, Ekin-en jarduera auzoan erabakitzen zen, auzko beharrak bizilagunek baino hobe inork ezagutzen ez zituelako.
Ruben Nietoren deklarazioa
Balantzategiren deklarazioaren ostean Ruben Nietoren txanda iritsi da: "Bakerako oztopo direnei ez diet erantzungo" esanez hasi du deklarazioa fiskalak eta akusazio partikularraren galderei erantzuterai uko eginez. Arantza Zuluetak egindako galderei baino ez die erantzun Nietok. Bera ez dela sekula Ekineko militante izan azpimarratu du. Soilik, EHko kidea izan zela. Bere bizitza bi ardatzetan oinarritu dela agertu du: batetik militantzia politikoa eta bestetik komunikazioa.
Ezker abertzaleko militantea izan dela azaldu du independentzian eta sozialismoan sinistu duelako beti. Bere bizitzako bigarren ardatza komunikazioa izan dela azaldu du (Nietok kazetaritza ikasketak egin ditu) eta EHen lan hori burutzen zuela; prentsako albisteen jarraipena besteak beste. Beraz, azpimarratu du sekula ez dela ETAko, KASeko ez Ekineko militantea izan.
Ruben Nietok EHeko komunikazio eta prentsa batzordeko kide izan zela azaldu du eta beharbada, arlo horretan zuen esperientziagatik, Ekin-en sortze garaian komunikazio arloan laguntza ematea proposatu ziotela adierazi du. Prentsaurrekoak antolatzea eta aldizkarietako artikuluak koordinatzea zen, besteak beste, bere lana. Horrexegatik, Ekin-eko komunikazio arloan laguntzen aritu zelako beti jarduera gardena ikusi duela azpimarratu du Nietok.
Amaitze aldera, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kide gisa (preso dagoen auzipetuetako bat baita) hitz egin du. Besteak beste, EPPKaren ekintzak kontrolatzea leporatzen diote Ekin-i. Horrelako adierazpenekin oso minduta sentitzen dela azaldu du Nietok; horrelakoak esatea "zentzugabekeria" dela. Izan ere kolektibo horretako kide gisa euren bizi baldintzak zelakoak diren oso ondo dakitela azaldu du eta horren aurrean zer egin behar duten ere ongi dakitela inork ezer esan gabe. Hala ere, Igor Angulo eta Roberto Sainzen heriotzak gogoratuz azpimarratu du kideak kartzelatan hil arren kolektiboak konponbidearen aldeko jarrerari eutsiko diola.
'18/98 auziko' epaiketa
Nietoren hitzetan "zentzugabekeria" da inork EPPKren erabakiak kontrolatzen dituela esatea
Gaurko auzi saioan Xabier Balantzategi eta Ruben Nietok deklaratu dute. Biak ala biak Ekin atalean daude auzipetuta eta uko egin diote fiskalaren eta akusazioaren galderak erantzuteari. Defentsako abokatuen galderei erantzunez ukatu egin dute sekula Ekineko kide izan direnik. Nieto preso dagoen auzipetuetako bat da eta inork EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboa kontrolatzen duela esatea "zentzugabekeria" iruditzen zaiola azaldu du. Gainera, espetxean kolektiboko kideak hiltzen diren arren konponbidearen aldeko jarrerari eutsiko diotela azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu