Idoia Nievesek berretsi egin du Nafarroako Parlamentuan Lourdes Goikoetxea Ekonomia kontseilariaren kontra eginiko salaketak. Agerraldia egiten ari da Nieves foru ogasuneko ustezko irregulartasunen auzia ikertzeko batzordean, eta bertan ziurtatu du ez dela "hisiaz" jardun Goikoetxearen kontra: "Aukera izan nuen Ogasun kontseilari izateko eta uko egin nion".
Dimisioa lehenago eman nahi izan ote zuen galdetuta, "bai, 2011ko azaroan VWek komertzializazioa aldatzea erabaki zuenean", erantzun du Nievesek. Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteaz ere jardun du, eta esan haren kezka nagusia defizit helburua betetzea zela.
UPNko Carlos Garcia Adanero hasi zaio galdezka, BEZaren atzerapenaren inguruan, eta epe "baldintza legal bat" ez zela bete gogorarazi du Nievesek. EAk, berriz, ustelkeriaz galdetu dio zuzenean, eta Nievesek erantzun du berak ez zuela erabili hitz hori, "esku hartzea" baizik. PSNko Pedro Rasconen galderei erantzunez, Ogasun zuzendari ohiak berretsi egin du parlamentuan esandako guztia, besteak beste, BEZaren ordainketaren atzerapenak zekartzan ondorioez oharatarazi zuela Yolanda Barcina presidentea, eta VW enpresan 24,7 milioi euroko eragina izan zuela. Besteak beste, Barcinak CANentzat lan egindako enpresei buruzko informazioa eskatu ziola ere argitu du.