Ugartekoren deklarazioa

"Nik ez nion esan eskopeta edo txilibitua erabili behar zuen"

Lekuan bertan zegoen ofizialaren gain jarri du Ugartekok operazioaren erantzukizuna. Beste hamar ertzainek ere deklaratu zuten atzo.

2018ko urriaren 25a
10:48
Entzun

Deustuko ertzain etxeko burua zen Ugarteko ezizeneko ertzaina Cabacasen heriotza gertatu zenean. Hark zuzendu zuen operazioa. 2013ko apirilean, Gara egunkariak argitara eman zituen ertzainen arteko elkarrizketen grabazioak. «Hemen ez dago istilurik, ez zauriturik», zioten gertaeren lekuan zeudenek. «Kalexkan sartu, daukagun guztiarekin», erantzun zuen Ugartekok Deustuko polizia etxetik.

Gaur deklaratu du Ugartekok epaiketan. Hara esandako batzuk:

-"Operazio arduradunaren eginkizuna da baliabideak bideratzea arazo bat dagoenean, baina ez du esaten nola", adierazi du epailearen aurrean: "Ofizialak esan zidan ez zirela parte hartzen ari. Ni soilki saiatu nintzen ofiziala furgonetatik jaits zedin. Nik ez nion esan eskopeta edo txilibitua erabili behar zuen". Ofizial hura da, akusatuen artean, garai hartan kargurik gorena zuena —gaur egun, erretiroa hartuta dago—, eta epaiketan operazioa kritikatu zuen bakarra: "Ni ez nintzen sartzearen aldeko". Gainerako bost auzipetuek "zuzena eta egokia" izan zela esan zuten.

-Audio bat jarri diote. Bertan, 12003 agentea ari da hizketan, esanez ez dagoela istilurik, eta Ugartekok erantzuten dio, esku hartzeko aginduz. "Tipo bat dago ospitalean oso izorratuta, eta errua guri bota nahi digute", entzuten da audio horretan. Berak dio ez dakiela norena den ahotsa.

-Ofizialaren abokatuak Ugartekori aurpegiratu dio "sartzeko" eta "lekua kontrolatzeko" agindu izana, baina zaurituaren aipamenik egin gabe. Galdetu dio zergatik ez zen harremanetan jarri Aldekoarekin. "Ez zen beharrezkoa, dena entzunen ari zen", erantzun du Ugartekok.

-Ofizialaren abokatua: "Zergatik ez zenion deitu brigada ibiltariari?". Ugarteko: "Eta zure defendatuak zergatik ez zuen eskatu?". Abokatua: "'Sartu denarekin' diozunean, eskopetez ari zara?". Ugarteko: "Ez, nik ez dut esaten nola sartu behar diren".

-Ugartekok azaldu du ez zutela kaleko jantzitako ertzainik bidali, aurreko partidan futbolzaletzat hartu eta "liskarrean inplikatuta" amaitu zutelako. F13 furgonetako ertzain batzuk bidali zituen atxilotu bat eskoltatzera, ofizialarekin hitz egin gabe. Abokatuak galdetu dio nola den posible, teorian ofiziala bazen arduraduna, eta ea ez zuen pentsatu ertzainak bidaltzeak istiluak sor zitzakeela. Ugarteko: "Guk zauritu baten bila joan behar genuen".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.