Niko Moreno Elorrioko (Bizkaia) alkate ohia ez dute zigortuko 2010. urtean Elorrioko osoko bilkura batean izandako istiluen harira. Europapress berri agentziak, auzitegiko iturriak aipatuz, jakinarazi du Bizkaiko Auzitegiak absolbitu egingo duela Moreno.
Morenoz gain, beste bi lagun ere epaitu zituzten pasa den astean. Haien inguruko berririk ez du eman berri agentziak. Hain zuzen ere, Josu Herrero Elorrioko Sortuko koordinatzaileari eta Rita Ugarriza herritarrari PSE-EEko zinegotzi bati "faxista" deitzea leporatzen diete. Morenori (EAE-ANV), berriz, alkatea izanik gertakari hori saihesteko "ezer ez egitea".
Fiskalak bi urteko espetxe zigorra eskatzen zuen alkate ohiarentzat, eta lau urteko inhabilitazioa. Herrero eta Ugarrizarentzat, berriz, lau urteko kartzela zigorra eskatzen du, «autoritateari atentatua» egitea egotzita.