Asier Biurrun. Korrikaren arduraduna Nafarroan

"Noiznahi gerta liteke ezuste bat; Korrika gelditzea, inoiz ez"

Euskalgintzaren aldeko aldarria egin zuten Korrikaren antolatzaileek larunbateko ekitaldian. Instituzioek ez ezik norbanakoek ere entzun beharreko mezua dela dio Biurrunek.

Korrikaren Nafarroako arduraduna da Asier Biurrun. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
Ion Orzaiz.
2015eko urtarrilaren 23a
13:03
Entzun

Bi hilabete eskas falta dira Korrika hasteko, eta dagoeneko mugimendu bizia nabari da Errekoleten kaleko Iruñezar euskaltegian. Eskolak hasiak dira ikasgeletan, baina zarata handiena pasabideetatik dator: jendea joan-etorri etengabean, telefono deiak, boluntarioak galdezka... AEKren aldeko lasterketa ez da oraindik hasi, baina Asier Biurrun Korrikaren Nafarroako arduradunarentzat, hau da azken esprinta.

Korrika hasten denerako nekatuta egonen zarete! Lan asko?

Bai, egunari pare bat ordu gehitu beharko genizkioke, dena egin ahal izateko! Korrika amaitu eta hilabete batera hasten gara hurrengoa prestatzen, baina lan karga oso ezberdina da. Abenduan lasterketaren aurkezpena egin genuenetik, abiadura handia hartu dugu, azken txanpan sartu garelako. Hala ere, gehiena lotuta daukagu dagoeneko: ibilbidea, Korrika Kulturala egitasmoa, afixak... Xehetasunak lotzen ari gara orain.

Ibilbideaz zer esan dezakezu?

Martxoaren 19an hasiko da Korrika, eta hurrengo egunean sartuko da Nafarroara, Baztandik. Ultzama zeharkatuta, Iruñerrira helduko da egun horretan bertan. Gero, Irurtzun eta Larraun aldera joko du lasterketak, eta Leitza aldetik Gipuzkoara abiatuko da. Hurrengo egunetan atsedenalditxoa izanen dugu hemen. Beste zenbait herrialde zeharkatu ostean, Nafarroara itzuliko da hilaren 25ean, Vianatik. Hegoalde osoan zehar ibiliko gara, baita Korrikak orain arte bisitatu ez dituen zenbait tokitatik ere: Fustiñana, Ribaforada...

Erriberako kilometro horiek zailagoak dira korrika egiteko?

Hein batean egia da hori, baina baieztapen horrek badu mitotik ere. Hango populazioaren zati handi batek ez du parte hartzen, ados, baina beste jende anitzek, Iruñekoek-edo, inguru horietan erosten dituzte kilometroak. Elkartasun eta ilusio apur bat gehiago dute han parte hartzen dutenek. Kilometro horiek zirrara berezi bat eragiten dute.

Logistika kontuak ongi lotuta eduki beharko dituzue, hala ere, lasterketa gelditu ez dadin...

Bai, edozein unetan gerta daiteke istripu bat, elurte bat, norbaiten gaixotzea... Baina Korrika gelditzea, inoiz ez. Elurra palekin kendu edo saihesbide bat inprobisatu behar badugu, eginen dugu, baina Korrika helmugara helduko da. Geldiezina da.

Hitz egin dezagun Korrika Kulturalaz. Egitarau mardula atondu duzue aurten ere.

Bai, Lodosan, esate baterako, Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsen ikuskizunarekin gozatzeko aukera izanen dugu; Fausto antzezlana eskainiko dute Iruñean; Gosek ere Gosariak bere azken ikuskizuna eskainiko digu; eta Bertsolaritzaren sekretuak izeneko saioak ere ekarriko ditugu Nafarroako Antzerki Eskolara. Hori formatu handiko ekitaldiei dagokienez, baina auzoetako batzordeek ere hamaika kontu antolatu dituzte.

Lehen ekitaldi nagusia Iruñean egin zenuten, iragan larunbatean. Zein izan zen mezua?

Batez ere, jendarteak Korrikari ematen dion babesa irudikatu nahi izan genuen ekitaldi horrekin. Kultura, gizarte eta politika alorretako eragileak bildu genituen, babes hori islatzeko. Eta zergatik Iruñean? Bada, Nafarroan euskarak nahiz helduen alfabetatzeak duten egoera biziki larria delako. Egia da txakurrak oinutsik doazela toki guztietan, baina Nafarroan maila bat okerrago gaude.

Nafarroako Gobernuarentzako mezua al da hori?

Tira, ulertu nahi duenak ulertuko du. Mezu hori ez diogu bidali gobernuari soilik. Jendarte osoak jaso beharrekoa da. Jakina, Nafarroako Gobernuari ere tokatzen zaio lekukoa hartzea, egungo egoeraren erantzuleetako bat delako. Politika suntsitzailea dauka euskararekiko, eta guri, esate baterako, zerora murriztu dizkigu diru laguntzak. Baina administraziotik harago ere, lan handia dugu norbanakook hizkuntzaren normalizazioaren bidean: euskaltegian izena emanez, esparru orotan euskara erabiliz...

Korrika 19. ediziora ailegatu izana zer da txalogarria ala negar egiteko modukoa?

Gustatuko litzaidake Korrika antolatzeko arrazoirik ez egotea, baina ez da horrela. Hala ere, nik ez dut horregatik negar eginen. Korrika indartsu dago; urrats asko egin ditugu, eta eginen ditugu oraindik. Orain, adibidez, Nafarroako Parlamentuak erabaki du Euskararen Legea pixka bat moldatzea. Egia da ni ez nauela asebetetzen erabaki horrek, baina perspektiba pixka batekin begiratuz gero, ikusiko dugu aurrerapauso txiki bat dela. Eta ez da halabeharrez sortu. Euskalgintza osatzen dugunon bultzadari esker lortu da. Hortxe ditugu D ereduko matrikulazioen igoera, euskararen aldeko kontzientziaren zabaltzea, erabileraren egonkortzea... Ari gara mugitzen.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.