Nabaria da pandemia hasi zenetik arlo espezializatu batzuetako hitzak sartu direla eguneroko hiztegian: antigeno, baheketa, maskara, berrogeialdi... Baina ez osasun arlokoak bakarrik. Birusak nabarmen eragin die gainontzeko esparruei ere, eta askorentzat etxea lantoki bilakatu da. Teknologia berrien zurrunbiloan sartzera bultzatu ditu pandemiak, eta, horrekin batera, zailtasunak izan dira eguneroko tresna berri horiek izendatzeko. Errealitate horri erantzuneko sortu du Euskaltzaindiak Telelanaren oinarrizko lexikoa izeneko glosario laburra. Bertan, erabilgarriak diren hainbat termino ageri dira, bideodei, telebilera eta telelan hitza bera, esaterako.
Badira telelanak ekarri dituen bestelako aldaketa batzuk ere, batez ere langileen baldintzei dagozkienak. Hona hemen Euskaltzaindiak bildu dituen batzuk:
- Deskonexiorako eskubide; deskonektatzeko eskubide: Langileak duen eskubidea, lanerako erabiltzen dituen tresna digitaletara lanorduetatik kanpo konektatuta ez egotekoa.
- Kontziliazio: lana eta bizitza pertsonala bateragarri egitea. Denbora antolatzeko modua, lana eta bizitza pertsonala bateragarri bihurtzea helburu duena.
- Teknoestres; estres teknologiko: Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzeak sortutako estresa.
Glosarioa osatzeko, hainbat iturri erabili dira: akademiaren hiztegi arauemailea, batetik, eta Euskalterm terminologia banku publikoa, bestetik. Euskaltzaindiak gaineratu du kontuan hartu dutela komunikabideek gaiaren gainean orain arte erabilitako terminologia ere. Era berean, hitz teknikoagoak ere gehitu dituzte hiztegian, azalpen eta guzti: groupware eta VPN, adibidez. Akademiak azaldu du glosario hau «lehenengo hurbilketa bat» izan dela.
Hemen ikus daiteke glosario osoa.