HERIOTZA DUINA

Nor bere heriotzaren jabe

Duintasunez hiltzeko eskubideaz mintzatu da izen bereko elkarteko presidente Manu Eziolaza medikua, asteon, Iruñean. Hamar urte inguruko bidea egin du erakunde horrek herrialdean, eta 177 bazkide ditu, jada. Ia 4.000 herritarrek egin dute bizi testamentua, gehienak emakumeak.

edurne elizondo
2016ko urriaren 28a
02:03
Entzun

Brittany Maynard gazte estatubatuarra 2014. urteko azaroaren 1ean hil zen. 30 urte bete baino egun gutxi lehenago zendu zen. Hark aukeratu zuen data. Tumorea zuen buruan, eta medikuek ezin zuten deus egin emakumea sendatzeko. Kalifornian jaioa zen, baina Oregongo estatura joan behar izan zuen hiltzera. Han, 1997. urtetik legezkoa da eutanasia. Hil baino lehen, bideo bat grabatu zuen Maynardek, eta argi utzi zuen, irudi horietan, zer sentitzen zuen: “Ez daukat hitzik azaltzeko zer-nolako lasaitua hartu dudan jakinda ez naizela hilko buruko tumoreagatik hilko nintzela erran zidaten moduan”. Minik gabe eta lasaitasunez hiltzen lagundu zioten. Hark erabaki bezala. Sei milioi bisita baino gehiago jaso zituen Maynardek egindako bideoak.

Nafarroan ez da emakume estatubatuarrak egin zuena egiteko aukerarik. “Espainiako Zigor Kodea indarrean da hemen, eta testu horrek debekatzen ditu eutanasia eta suizidio lagundua”, azaldu du Manu Eziolazak. Medikua da Burlatan, eta Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko presidentea. Duela hamar urte inguru sortu zuten taldea, Nafarroan; 177 bazkide ditu, gaur egun. Heriotza duinaz aritu da Eziolaza, asteon, Iruñean. “Gure helburua da informazioa herritarren esku jartzea. Gaixoek jakin behar dute zer-nolako eskubideak dituzten, baliatu ahal izateko”.

Egun indarrean diren hainbat legek jasotzen dituzte eskubide horiek, eta heriotzaren ordua gertu dagoenean gaixoek egin ditzaketen hautuak nabarmentzen dituzte: Espainiako Osasunaren Lege Orokorra, eta gaixoen autonomiari eta eskubide eta betebeharrei buruzkoa daude, batetik; eta bertzetik, Nafarroako osasunaren arloko eskubide eta betebeharren legea, eta heriotzaren prozesuan pertsonaren duintasunaren berme eta eskubideak zehazten dituena.

Herrialdean, gainera, bizi testamentua egiteko aukera bada, 2003. urtetik. Orain arte, ia 4.000 herritarrek egin dute urrats hori; hau da, idatzita jaso eta erregistratu dituzte heriotzaren ordurako beren desio eta borondateak, haiek horien berri emateko aukerarik izanen ez balute, kontuan har ditzaten.

Bizi testamentu horietatik gehienak emakumeek egindakoak dira. 2.547, zehazki. “Logikoa da”, erran du erregistroko mediku Mariano Lakarrak. “Emakumeak aritzen dira, batez ere, zaharrak eta gaixo direnak zaintzen. Bizitzaren azken txanpan gertatzen direnak ongi ezagutzen dituzte, ondorioz. Honat etortzen direnek gehien errepikatzen duten esaldia da ez dutela ikusitakoa bizi nahi; bertzelako amaiera bat nahi dutela haientzat”.

Bizi testamentua egiterakoan, sinatzaileak “nahi duena” jar dezake. Nahi duena eskatu. “Noski, legeak ezarritako mugen arabera beteko da jasotako hori edo ez”, argitu du Lakarrak.

Oro har, bizitza modu artifizialean ez luzatzea eskatzen dute bizi testamentua egiten duten herritarrek, medikuak azaldu duenez. Ahalegin terapeutikoa mugatzea, alegia.

Eziolazak 1994. urtean egin zuen bat Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkartearekin. Soco Lizarraga, berriz, 2010. urtetik da taldeko kide. Familia medikua da Lizarraga ere, eta sendagile gisa, hain zuzen ere, “ongi hiltzeko eskubidea” aldarrikatu du.

Legeak ezartzen dituen mugen barruan ere urrats anitz egiteko aukera badela azaldu du Lizarragak. Gaixoek duten eskubideetako bat nabarmendu du: “Tratamendu bati uko egitekoa, hain zuzen ere”.

Aukera hori baliatu zuen Inmaculada Etxeberria nafarrak, 2007. urtean. “Kasu hori giltzarrietako bat izan da eutanasiaren aldeko borrokan”, nabarmendu du Manu Eziolazak. 2007. urte hartako martxoaren 14an zendu zen Etxeberria, epaileen agindu bat tarteko, bizitzeko behar zuen arnasgailua, azkenik, itzali eta gero. 51 urte zituen. 11 urte zituenetik sufritu zuen muskulu distrofia progresiboa. Azken bederatzi urteak eman zituen ohatze batean etzanda, arnasgailura lotuta, Granadako (Andaluzia, Espainia) ospitale katoliko batean. 2006ko urriaren 18an, jendaurrean azaldu zuen Etxeberriak hil egin nahi zuela, eta zergatik egin zuen hautu horren alde: “Nire bizitzaren zentzu bakarra da mina; egunak sufritzeko baino ez du argitzen niretzat; norbaitek entzun dezala errateko dudana, eta amaiera eman diezaiola, behingoz, nire agoniari”.

Epaileak tratamenduari uko egiteko zuen eskubidea aintzat hartu zuen. Ospitale publiko batera eraman zuten, hala ere, hiltzera, Vatikanotik presioa egin baitzuten heriotza ospitale katoliko batean ez gertatzeko.

Nork bere heriotzari buruz erabakitzeko eskubidearen aurkako halako presioak ez ditu ulertzen Camino Oslek. NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle izan zen, urte luzez, erretiroa hartu arte. Duela sei urte inguru egin zuen bat Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkartearekin. Argi eta garbi erran du: “Maite ditugunen osasun egoerak ezin badu onera egin, eta prozesu horretan laguntzeko moduak baldin baditugu, nola ez ditugu baliatuko bada?”. Hainbat sektoretatik, halere, heriotzaren prozesuan laguntzeko urrats horiek egiten dituztenak “erruduntzat jotzeko” joera badela salatu du. “Abortuarekin bezala pasatzen da; kontrol sozialerako presioa egiten digute, gaizki ariko bagina bezala. Ongi hiltzeko eskubidea dugu denok, ordea”.

Eskubide hori betetzeko, herritarrek dituzten aukerak ezagutzea funtsezkoa da. Eta horretarako egiten dute lan Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko kideek. NUPen, adibidez, urtero egiten dituzte auziari buruzko jardunaldiak, gogoeta mahai gainean jartzeko asmoz. “Martxo-apirilerako prestatuko ditugu hurrengoak”, aipatu du Oslek. Hitzaldiak eta zine emanaldiak ere antolatzen dituzte. Gainera, hilabetean behin egiten dute bilera. “Hilaren lehen asteazkenean egiten ohi dugu, 19:00etan, Iturramako udal kultur zentroan”.

“Ezagutzeko beharra”

Herritarrek beren eskubideak ezagutzea ez da nahikoa, duintasunez hiltzeko prozesu bat bermatzeko. Horixe nabarmendu dute elkarteko kideek. Osasunaren arloko profesionalen artean ere zer hobetu badela uste dute. Funtsean, formakuntza falta dela agerian utzi dute. Adibidetzat jarri dute bizi testamentuarekin gertatzen dena: “Anitzetan herritarrek bizi testamentuan jasotakoa ez da betetzen, medikuek begiratu ere ez dutelako egiten”, azaldu du Lizarragak.

Elkarteko kide denez, osasun etxeko erabiltzaileen kexak jasotzea egokitzen zaio, anitzetan. “Duela gutxi, familia bateko kideek azaldu zidaten etxeko baten heriotza ez zela batere ona izan, bizi testamentua egina bazuen ere, ez zutelako bete. Azkenean, sufrimendua luzatu bertzerik egin ez zuten erabakiak hartu zituzten haren kasuan”.

Mariano Lakarrak zehaztu du, hain zuzen ere, sendagileek gaixo batek bizi testamentua duen edo ez “jakin behar” dutela. “Komeni da, hala ere, senideek horren berri ematea. Bizi testamentua egin duela badakite, erran diezaiotela medikuari”, gomendatu du. Bizi testamentua derrigorrez bete behar dela berretsi du Lakarrak, dena den. Gaixoak, gainera, bere ordezkari bat edo gehiago izendatzeko eskubidea du. Baina, beti ere, gaixo hori nahi duena azaltzeko gai ez bada, bizi testamentuan jasotakoak izanen du lehentasuna. Hori da bete behar dena. Egin eta gero aldatzeko aukera bada, nahi den aldi guztietan. Lakarrak nabarmendu du “inportanteena” agiria erregistroan egotea dela. “Duela gutxi, bizi testamentua notarioaren aurrean egin zuen emakume baten kasuaren berri jaso genuen. Testamentua egin eta etxean gorde zuen; horrela ez du deustarako balio. Erregistrora ekarri behar da”.

Lehen mailako arretan medikuek erraz ikus dezakete beren gaixoek bizi testamentua egina ote duten. “Gure ordenagailuan ikur bat sakatu bertzerik ez dugu egin behar. Ospitaleetan, ordea, informazioa ez dago hain eskura, eta, medikuek, anitzetan, ez dute bilatzen”, erran du Lizarragak. Egoera hori aldatzea “funtsezkotzat” jo du medikuak, ondorioz.

Gaixoen eta sendagileen arteko harremanetan gertatzen diren bertzelako arazoak jarri ditu Lizarragak mahai gainean. Izan ere, informazioa bere esku izanda ere, gaixoak dituen hainbat eskubide betetzeari uko egiten diote zenbait medikuk. Adibide bat aipatu du Manu Eziolazak: “Kasu baten berri jaso nuen; medikuak bere ideologiagatik uko egin zion gaixo bati morfina emateari; medikuak erran zion bere lana ez zela gaixoa hiltzea”.

Halako jarrerak gogor salatu dituzte sendagileek. “Izugarria da mediku batek hori erratea; argi utzi behar dugu sedazioa eskatzen ahal duela gaixoak; legezkoa da, eta bere helburua da heriotza on bat izatea. Ez da ezkutuko eutanasia, zenbaitek erraten duten bezala”, azaldu du Lizarragak. Gaineratu du Espainiako Medikuen Elkargoak eta Zaintza Aringarrien Elkarteak argitu dutela sedazioa ukatzea mediku huts larria izan daitekeela.

Behatokia

Zaintza aringarrien auziak duen garrantzia mahai gainean jarri du Soco Lizarragak, lotura estua dutelako halako zaintzek hiltzeko moduarekin, noski. “Estatuko datuek agerian uzten dute badela gaizki hiltzen ari den jende anitz, zaintza aringarririk jasotzeko aukerarik ez dutelako. Nafarroan ere gertatzen da hori”.

Espainiako Zaintza Aringarrien Elkarteak eta Espainiako Minbiziaren Aurkako Elkarteak emandako datuen arabera, hilurren diren 215.000 gaixoetatik ia 300 hiltzen dira zaintza aringarririk jaso gabe; azken egunak bizi dituztela jakiteak eragiten duen sufrimendua arintzeko psikologo eta gizarte langileren arreta jaso gabe hiltzen dira gaixo horiek, bertzeak bertze.

“Sufrimendu guztia ez baita min fisiko batek eragindakoa”, nabarmendu du Manu Eziolazak. Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko kideek argi dute beharrezkoa dela Nafarroan ere herritarrak “nola” hiltzen ari diren jakitea. Eta horretarako, heriotza duinaren behatokia sortzeko eskatu dute. “Nafarroako Gobernua babesten duten taldeekin bilerak eskatuko ditugu, helburu hori lortzeko urratsak egin ahal izateko”, azaldu dute elkarteko kideek.

“Helburua da Nafarroan dugun heriotzaren kalitatea aztertzea, eta hartu beharreko neurriak hartzea”, zehaztu du Camino Oslek. “Hemen dugun egoeraren argazki bat lortu nahi dugu; dauden arazoak ikusgarri bilakatu, hobera egin ahal izateko. Kontua ez da egiten dena kontrolatzea edo ikuskatzea; xedea da ikusgarri bilakatzea, eta ahal dena, hobetzea, denon onerako”, gaineratu du Lizarragak.

Izan ere, heriotza gertatzeko moduak ez du bakarrik eragina gaixoarengan. “Harentzat, agonia ez luzatzea da inportanteena”, erran du Eziolazak. “Denok nahi dugu ongi hil; minik gabe, lasai egonda, maite ditugun horiek lagunduta”. Gaixoaren senide eta lagunentzat, hain zuzen, doluari hobeki aurre egiteko hagitz lagungarria da maite duten hori hiltzeko modua. “Heriotza ona bada, dolua ere hobea izanen da”, berretsi du Eziolazak.

Heriotza on baten alde dauden aukerak baliatzeko eskatu dute elkarteko kideek. Egun indarrean dauden legeek eskaintzen duten tartea aprobetxatzeko. “Argi dago eutanasia eta suizidio lagundua baimenduko dituen legea dela falta duguna; baina dauzkagun bertze legeek ere ematen dute gauza anitz egiteko aukera”, nabarmendu du Camino Oslek. Gakoa da, Lizarragak gaineratu bezala, “dauden legeak betetzea”.

Bizi testamentua egiteko aukera ematen dute lege horiek. Eziolazak, Lizarragak eta Oslek egin dute. Eta elkartea martxan denetik urrats hori egin duten herritarren kopuruak gora egin duela argi dute. “Iaz, 600 bizi testamentu egin zituzten Nafarroan; aurten, berriz, ekainera arte, jada, 450 egin dituzte”, azaldu du Lizarragak.

Urratsak egiten jarraitu nahi dute. “110 urte bizi nahi duenak, makina batera lotuta, egin dezala. Baina agonia luze bat bizi nahi ez dugunok nola hil nahi dugun erabakitzeko eskubidea nahi dugu”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.