Eztabaida baino zalantza gehiagokoa izan da departamenduetako bozetako kanpaina Ipar Euskal Herrian. Motela, gorabeheratsua eta aspergarria izan dira gehien entzundako adjektiboak, eta emaitzak ere halakoak espero dira: parte hartze gutikoak. Nolanahi ere, hautagaiek egin dituzte hautesleak animatzeko saioak atzo gauerdira bitarte. Eta gaur iluntzean ikusiko da aski izan ote diren eginiko ahaleginak.
Berrikuntza anitzekoak dira departamenduetako boz horiek, eta hori da, hein batean, herritarren nahasmenaren iturri. Izenak berak ere izan du aldaketa: hain zuzen, bozak ez dira jada kantonamenduetakoak, departamendukoak baizik. Hona hemen, puntuz puntu, hauteskunde horien inguruko xehetasunak:
BI ITZULI, ETA BIKOTEKA
Gaur eginen da departamenduetako bozen lehenbiziko itzulia, eta gaur zortzi, berriz, bigarrena. Hautagai guziak, halaber, bikoteka aurkeztuko dira. Bikote horiek parekidetasunean oinarrituko dira, gainera: emazte batek eta gizon batek osatuko dituzte. Kantonamendu bakoitzean hautatua den bikoteak kontseilari izateko parada ukanen du, eta, beraz, Kontseilu Nagusira joatekoa. Horretarako, ordea, beharrezkoa den boz kopurua lortu beharko du bikoteak lehenik.
Lehenbiziko itzulian bozen %50 baino gehiago lortuz gero, bikotea zuzenean izanen da hautatua, bigarren itzulira joan behar izan gabe. Kasu gehienetan, nolanahi ere, bigarren itzulia egin beharko dute. Ezinen dute hautagai bikote guziek parte hartu bigarren aukera horretan, baina: soilik bozen %12,5 gutxienez lortu duten hautagai bikoteek izanen dute bigarrenean aurkezteko aukera, hala nahi baldin badute.
Kasurik okerrenean, bi bikotek ere ez badute %12,5era iristea lortzen, boz gehien lortu dituzten bi lehen bikoteak lehiatuko dira bigarren itzulian.
KANTONAMENDU BERRIAK
Kantonamenduen mapa aldatu zenetik, lehenbiziko aldia izanen da bozka eremu berri horiek praktikan erabiliko direna. Pirinio Atlantikoetan 52 kantonamendu zeuden lehen, eta orain, berriz, 27. Ipar Euskal Herrikoak dira horietatik hamabi —lehen 21 ziren—, eta bertzeak Biarnokoak. Frantziako Gobernu sozialistak egin zuen bozka eremuen aldaketa, eta zentro zein eskuineko oposizioak kantonamenduak bere neurrira ebaki izana leporatzen dio. Sozialistek, ordea, mozketa berriak kantonamendu bakoitzeko biztanle kopurua orekatu duela diote: 25.000 biztanle inguru ditu orain kantonamendu bakoitzak, bataz bertzean.
Ipar Euskal Herria kontuan hartuko du mozketa berriak. Ez dago, hain zuzen, Biarno eta Euskal Herriaren arteko nahasketa handirik. Hiru herri dira salbuespenak: Lixoze (Biarno) Mendialdeko kantonamenduan dago Zuberoa eta Baxenabarreko herri ugarirekin batera, eta Jeztaze eta Eskiula (Zuberoa), aldiz, Biarnoko bi kantonamendutan sarturik daude.
Hauteskunde horiek, gainera, aldi berean eginen dira bozka eremu guzietan. Ez zen hala aitzineko kantonamendu bozetan. Izan ere, lehen hiru urtez behin egiten ziren bozak kantonamendu erdietan, eta hortik hiru urtera bertze erdietan. Elkarrekin egiteak lurraldeko emaitzak osoki zenbatzea ahalbidetuko du.
LURRALDE ERREFORMA
Nahasmenaren iturri nagusia Frantziako Parlamentuan eztabaidatzen ari diren Notre lurralde erreforma da. Frantziako eskualde handiak nola egituratu erabaki zuten—Akitania, Limousin eta Poitou-Charentes elkartzea, erraterako—, eta instituzio bakoitzak zein eskumen izanen dituen eztabaidatzen ari dira orain. Senatuan eta Asanblea Nazionalean egina dute lehenbiziko irakurketa, eta bigarrenaren faltan, ildo nagusiak erabakiak daude jada: ekonomiaren eskumena eskualdeek hartuko dute, eskola garraioena ere bai, eta departamenduei geldituko zaizkie kolegioak, errepideak, bertze garraioak, eta bereziki gizarte laguntzak. Kultura, kirola eta gazteria eskumen partekatuak izanen dira.
Ia dena erabakia izan arren, herritar eta hautagaiei nahasmena sortu die eztabaidak: departamenduen eskumenak zein ziren jakin gabe bozkatuko dute batzuek, eta aurkeztu dira bertzeak.
ABSTENTZIOA
Nahasmenaren ondoriorik nabarmenena abstentzioaren mamua da. %50 eta %60 artekoa ere izan daitekeela diote inkestek, nahiz eremuen arabera aldaketak izanen diren. Ipar Euskal Herrian, partikularki, barnealde eta kostaldearen artean egon daiteke alderik handiena: herri ttipietan jende gehiago espero da bozkalekuetan, proportzioan. Hiriguneetan, alta, parte hartze eskasa egoteko arriskua dago. Eta horrek hamabi kantonamenduetan aurkeztu den Fronte Nazionalari ireki diezaioke bidea.
ALDERDIZ ALDERDI
Gaur egun Georges Labazee da Pirinio Atlantikoetako presidentea, sozialista. Hura ez da aurkeztuko, ordea, eta ezkerreko alderdiek ere beherakada nabaritzea espero da, oro har. Eskuinak eta zentristek akordioa egina dute, gainera, eta Jean-Jacques Lasserre zentrista da Kontseilu Nagusiko lehendakaritza lortzeko faborito nagusia.
Ipar Euskal Herrian, eskuineko, zentrista eta sozialistez gain abertzaleak ere aurkeztuko dira. Lau kantonamendutan aurkeztu da EAJ, eta EH Bai hamabietan. Kontseilu Nagusian kontseilari abertzale bakarra dago gaur egun: Alain Iriart. Ikusteke dago postuari eutsiko ote dion, eta bertze hautagaitzarik lortzeko aukerarik izanen ote duen EH Baik.
Zenbait kantonamendutan hautagaitza nagusietatik kanpokoak ere badira: eskuin zein ezkerreko disidenteak, edota berdeak, komunistak eta independenteak.
ELKARTEEN GALDEKETAK
Eragile sozial eta politikoek hautagaiei gai ugariren inguruan galderak egiteko baliatu dute hauteskunde kanpaina. Horien artean, Batera plataformak hiri elkargoari buruz iritzi argia emateko eskatu die hautagai bikoteei. Ipar Euskal Herriko 35 hautagai edo hautagai bikotek eman dute erantzuna, eta gehienak lurralde elkargoa zein hiri edo hirigune elkargoaren alde mintzatu dira. Kontseilari izateko hautatuak izanez gero horren alde borrokatuko direla baieztatu dute horietako gehienek. Erantzunik eman ez dutenen arrazoiak, bertzalde, ezezagunak dira.
Les Bascos elkarteak ere egin die hautagaiei galdera, eta manifestu bat izenpetzeko eskatu die. Ipar Euskal Herriko 104 hautagaik egin dute bat: homofobiaren aurka eta LGTB elkarteak bultzatzearen alde engaiatu dira. CADE elkarte ekologistak, bere aldetik, AHTari eta zaborrei buruz zein iritzi duten galdetu die etorkizuneko kontseilariei.
Erantzunak ezein izanik ere, horiek ere balio izan dute kanpaina egiteko. Gaur ikusiko da isipuak bustitzeak balio izan duen.