"Norabide onean egindako urratsa" da Otegirena, Patxi Lopezen ustez

2012ko irailaren 17a
18:15
Entzun

ETAren biktimei Arnaldo Otegik barkamena eskatu izana "norabide onean egindako urratsa" dela adierazi du Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, eta "ongi etorria" eman die Otegiren hitzei. Hala ere, gaineratu du "hogei urte berandu" iritsi dela eskaera hori.

Otegiren hitzak "zintzoak" izatea espero duela esan du Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak, eta iraganarekin kritiko izateko beharra nabarmendu du: "Iraganaren irakurketa kritikoa da egindako akatsak eta izugarrikeriak ez errepikatzeko bermea".Bide horretan, esan du gainerako euskal presoek ere hala egitea espero duela. Halaber, Espainiako Gobernuari eskatu dio espetxe politika "malguagoa" ezartzeko "autokritika" egiten duten presoei.

Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak esan du Otegiren adierazpena "enblematikoa" dela. "Bake prozesuak bultzada jaso du".

Bestalde, normalizazio prozesuan pausoak emateko eskatu die Pello Urizar EAko idazkari nagusiak alderdi politikoei, "batzuek ez baitute urrats bat bera ere egin". Aldiz, ezker abertzaleak "amaieraraino pauso guztiak" emango dituela ziurtatu du Urizarrek.

PSEren hauteskunde kanpainako koordinatzaile Rodolfo Aresek EH Bilduri eskatu dio Otegik esandakoak bere egin ditzala. Barkamen eskaera "zintzoa" izatea espero du, eta ez "hauteskundeetarako amu bat". Barkamena eskatzea galdegin dio Aresek Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaiari, eta gaineratu du garrantzitsuena dela adierazpen horiek praktika politikoan islatzea.

PPren EAEko presidente Antonio Basagoitiren ustez berriz, “mozorroa” baino ez dira Otegiren adierazpenak, EH Bildurentzako botoak lortzeko eginak. Hauteskunde interesez gain, “arreta desbideratzeko” saiakera ikusi du Basagoitik ezker abertzaleko kidearen adierazpenetan: “Gizartearen arreta desbideratu nahi dute, ETAk erailaz defendatu zuen proiektuan aurrera egiteko, independentziaren eta sozialismoaren proiektuan”. Gainera, Patxi Lopez lehendaria kritikatu du, Otegiren hitzei “ongi etorria” emateagatik.

Otegiren hitzak “lehenengo urratsa” dira Ezker Anitzako koordinatzaile Mikel Aranarentzat, eta adierazi du ezker abertzale osoak barneratu behar duela eragindako mina aitortzeko beharra. “Memoriarik gabeko bakea ez da bake justua izango”, gaineratu du, eta Eusko Legebiltzarrak biktimen inguruan lortutako akordioa gogoratu du: “Hori da bidea, eta bide horrekin bat datoz Otegiren adierazpenak”.

Gorka Maneiro UPDko lehendakarigaiak, berriz, "iragana zuritu nahi izatea" egotzi dio Otegiri, eta erantsi du: "EH Bilduri emandako boto bakoitza ETAren historia justifikatzeko boto bat izango da".

Espainiako Gobernutik, Miguel Arias Cañete Nekazaritza eta Ingurumen ministroak “erdibideko estrategiatzat” jo ditu Otegiren hitzak, eta gaineratu du ETAk egin behar duen bakarra bere burua desegitea dela.

PPko komunikazio idazkariorde Esteban Gonzalez Ponsek dio “tentuz” hartu behar direla adierazpenok, liburua ez delako osorik ezagutzen, ez eta hitzen testuingurua ere: “Biktimak hauteskunde interesekin erabiltzen ari bada, kolektibo honi egin dakiokeen irainik handiena litzateke”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.