Baketik-ek, bere bosgarren urteurrenean, "zeregina berriro definitu" du, eta hemendik aurrera zeregin hori "norbera eta gizartea aldatzeko baliabide etikoak eskaintzea" izango da. Hala iragarri du elkarteak berak gaur Oñatin, Arantzazun egindako ekitaldian. Berrehunen bat lagun elkartu dira.
Baketik-ek "beharrezkoa" ikusi du bere egitasmoa "berbideratzea". "Horretan modu nabarmenean hiru faktorek dute eragina: lehentasun orokorrak, mundu mailako krisiak; lehentasun pertsonalak, bizitza hobetzeko beharra; eta bertako lehentasunak, bakea eta bizikidetza Euskal Herrian". Egoera berriaren aurrean "berriro kokatu" gura du.
Gaurko ekitaldian Jonan Fernandez Baketik-eko zuzendariak "aldaketa pertsonalerako eta sozialerako" hitzaldia egin du, eta han izan direnek Baketik berrabiarazi da adierazpena jaso dute berrikuntza prozesuaren abiapuntuekin.
Bakea eta etika oinarritzat hartuta sortu zuten duela bost urte Baketik, eta Arantzazun dauka egoitza. Ordutik zenbait lan, ekimen, proiektu eta jarduera burutu ditu.