Urte politikoa abiatu du Sortuk gaur, Berriozarren eginiko ekitaldi batean. Bertan hartu du hitza alderdiko presidente Hasier Arraizek, eta burujabetza eta presoen auzia izan du ardatz. "Norbere interesak alboan utzita, burujabetzari ekin behar diogu. Akordio txikien bidez, akordio handiak egin behar ditugu", esan du, eta gaineratu: "Erabaki handiak hartzeko unea da. Bakoitzak aukeratu behar du erabaki horiek alderdi ala herri gisa hartu".
Arraizek lehentasunezkotzat jo du Euskal Herria nazio gisa aitortzen dutenen arteko akordioa bilatzea, eta EAJ eta Geroa Bai aipatu ditu akordio bat lortzeko mintzakide gisa: "Akordio horiek beharrezkoak dira herrialdearen lurraldetasuna egituratzeko eta berandu baino lehen Euskal Herriak hitza eta erabakia izateko".
Burujabetzaren gaiari heltzearen garrantzia azaldu du: "Horrelako trenak oso noizean behin, urtetan, pasatzen dira estaturik gabeko nazioen geltokitik eta trenaren txistua jada entzuten da".
Euskal subiranotasuna "urratsez urrats" eraiki behar dela adierazi du Arraizek, eta jakinarazi du du irailaren 11n Herrialde Katalanetan izango dela Sortu, Diada ospatzen. "12an burujabetzarako euskal bideari ekingo diogu eta bide-orri hori guztion artean egin behar dugu", erantsi du.
Baketzearen alorrean, Arraizek esan du "Espainiar Estatua gatazka politikoa eta bere ondorioak konpontzeko aukera mespretxatzen" ari dela, eta gatazka bera ukatzea egotzi dio: "Mendetan euskal herriak pairatu duen gatazka politikoa konpontzeko aukera paregabea du aurrean espainiar estatuak eta zer egin du? Arazoa ukatu".
Jarrera horren aurrean, euskal gizarteak Madril "bide demokratikoa egitera behartu" egingo duela gaineratu du.