Normalizazio eskariak eta atzerriko ahotsak, ardatz

Paris, Londres, Berlin eta Bruselaraino egin du jauzi euskarak; Lopezek Xabier Lete omendu du

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Euskararen normalizazioaren aldarriak eta Europako txoko askotatik heldutako ahotsak izan dira Euskararen Nazioarteko Eguneko adierazpenen bi ardatz nagusiak. Eusko Jaurlaritza izan da atzerriko begirada gehien bildu duena, Europako lau txoko bildu baititu abenduaren 3ko ospakizuna dela eta: Paris, Londres, Berlin eta Gasteiz. Azken txoko horretan, Ajuria Enean, Patxi Lopez lehendakariak omen egin dio Xabier Leteri Xalbadorren heriotzean kantaren bi ahapaldi irakurrita, olerkari eta abeslari gipuzkoarraren heriotzaren urteurrenean.

Adierazpen instituzionalik ez da egon Euskararen Nazioarteko Egunean bertan. Eusko Jaurlaritzak euskara Europako hainbat txokotan ikasten ari diren pertsonak bildu ditu Hiru mende. Hiru hiri. Euskara munduan zabalik bideoan: XVII. mendeko Goizian goizik jaiki ninduzun olerki anonimoa, Donostiyako ziudadia Pedro Mari Otañorena, Gabriel Arestiren Egia bat esateagatik eta aipatu Xabier Leteren kantaren bi ahapaldiak.

Bruselatik heldutako beste ahots bat entzun zen atzo, Izaskun Bilbao EAJko europarlamentariarena. Hain zuzen ere, atzo bertan aktibatu zuen Parlamentariumean, Europako Parlamentuko harrera aretoan, entzungo den euskaraz eta gaztelaniazko mezua. Euskara Europako Parlamentuan hizkuntza ofizialtzat har dadin aldarrikatzeko «keinua» dela azaldu du Bilbaok, ildo horretan orain arte egindako eskaerak hutsean gelditu baitira. «Europan euskara entzungo da, ofizialtasuna lortzen badugu».

Euskara Europako Parlamentuan gelditzeko heldu dela gogorarazi du, eta Parlamentariumeko bisitariek aipatu erakundeko 23 hizkuntz ofizialez gain estatus hori lortu nahi duten beste hainbat daudela ikusiko dutela gaineratu du.

Hizkuntz askatasuna

Duela hemeretzi urtetik hona euskalduntzean lortutakoa «ukaezina» izan arren, hizkuntza askatasuna bermatzeko neurriak eskatu ditu Mikel Aranak, EBko legebiltzarkideak: «Helburua hizkuntza hauturako eskubidea bermatzea bada, bide luzea gelditzen da». Euskararen aldeko lana guztien ardura dela gogorarazi du,

JSE-Egaz Euskadiko Gazteria Sozialistak euskararen normalizazioaren aldeko aldarria egin du: «Erakundeek ahalegin handiagoa egin beharko lukete euskararen erabilera babesteko».

Nafarroan euskaren aldeko neurri eraginkorrak eskatu ditu Aitziber Sarasola parlamentariak. «Nafarroan euskaraz bizi nahi dugunok zailtasun handiak ditugu, eskubide hori gauzatu ahal izateko».Sarasolaren ustez, Nafarroako Euskararen Legea «gaindituta» dago, eta aldaketa «sakonak» behar ditu. Krisiaren ondorioz izandako murrizketek euskararen normalizazioaren alde lanean ari diren eragileen lana zailtzen eta oztopatzen ari direla gogorarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.