EUSKARA. KONTSEILUA

«Normalizazioa bultzatzeko balio behar du»

2004ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
«Deialdiaren asmoa hizkuntz eskubideekiko errespetua eta gizartearen euskararen aldeko konpromiso handiagoa eskatzea izango da. ELAren irudiko, manifestazioak balio behar du euskararen normalizazio prozesuari bultzada bat emateko eta Miguel Sanzen Nafarroako Gobernuak gure hizkuntz eskubideen aurka agertzen duen jarrera oldarkorra salatzeko. ELAk bere afiliatuei dei egiten die manifestazioan parte har dezaten; larunbateko deialdia baliagarria izango da euskararen alde lan egin eta beren gain konpromiso berriak hartzeko prest dauden gizarte eragileak eta taldeak batzeko».

IKASLE ABERTZALEAK

«Ezinbestekoa da herritar eta eragileon konpromisoa»





«Ikasle Abertzaleek bat egiten dute Kontseiluak larunbat honetan hizkuntz eskubideen alde deitu duen manifestazioarekin. Manifestazioaren leloak berak dioen bezala, denon konpromisoa da hizkuntza eskubideen alde lan egitea, eta euskararen normalkuntza lortzeko bidean ezinbestekoa da herritar zein eragileon inplikazioa. Ikasle Abertzaleok, gainera, behin baino gehiagotan aldarrikatu dugu badela garaia ikasleon hizkuntza eskubideak aitortzeko . Hori dela eta, dei egiten diegu ikasle eta herritar guztiei bihar Iruñera joan daitezen. Era berean, Nafarroako Gobernuaren jarrera salatu nahi dugu».

EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ

«Zapalkuntza behin eta berriro gertatzen da»





«Euskaldunok dugun hizkuntza zapalkuntza nabarmena eta agerikoa da; azkenaldian, gainera, estatuen aldetik datorren erasoa gero eta gogorragoa da. Hizkuntza eskubideak urratzea, hala ere, administrazioko alor eta maila guztietan gertatzen da; aste honetan bertan Hizkuntz Eskubideen Behatokiak hala jaso du. Zapalkuntza sistematikoki ematen dela ondorioztatzen da herritarrek egindako salaketen bidez. Zapalkuntza egoera gainditzeko, beharrezkoa da euskarak bere lurralde osoan lege babesa izatea, benetako ofizialtasuna izatea. Euskarak ofiziala izan behar du Euskal Herrian eta Europan».

LAB

«Orain arte egindako lana ez da nahikoa»





«Hasteko, gogor salatu nahi dugu Yolanda Barcina Iruñeko alkatearen jarrera, era guztietako oztopoak jarri baitizkio mobilizazioari. Gure hizkuntzaren alde jorratutako bidea luzea izan da, baina oraindik erronka garrantzitsuak ditugu aurrean. Aspalditik eta esparru guztietan ari gara lantzen eta bultzatzen euskaldunok gure hizkuntza erabiltzeko dugun eskubidea. Lan horretan jarraitu behar dugu. Lan munduan ere erronka garrantzitsuak ditugu hizkuntzari dagokionez. Zoritxarrez, orain arte egindako lana ez da nahikoa, hizkuntz eskubideen kontrako erasoak etengabe gertatzen baitira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.