Pernando Barrena (ezker abertzalea): "Gaurko martxa bakearen apologia garbia izan da. Mobilizazioaren bidez bakearen eta normalizazio politikoaren etsaiak mugiarazi egingo ditugu. Normalizazioa izateko, arrazoi politikoengatik kartzelan daudenak aske behar dira".
Patxi Zabaleta (Aralar): "Presoaren auziari azkar eman behar zaio irtenbidea. Arduradun politikoek entzun dezatela euskal gizarteak gaur eskatutakoa"
Pello Urizar (EA): "EAJk mugimendu bat egin beharko luke, gatazka gainditzeko presoen eskubideak ere aintzat hartu behar direlako. Eta PSOEk eta PPk jakin beharko lukete giza eskubideez hitz egin behar bada, ezin direla presoak eta haien senideak zigortu".
Oskar Matute (Alternatiba): "Gizartearen aldarrikapen hau entzun, eta espetxe politika aldatu beharko lukete gobernuek. Martxa arrakastatsua izan da".
Laura Mintegi (EH Bildu): "Espero dut datorren urtean ez izatea era honetako mobilizaziorik, presoen auzia konponduta edo konpontzear izango delakoan. Ezinbestekoa da hori konpontzea normalizazio politikoa egon dadin".
Mertxe Colina (AB): "Gatazkaren konponbidearen trenera igo daitezela Frantzia eta Espainia. Denen onerako izango da eta herriak merezi du".
Beñat Zarrabeitia (Herrira): "Garbi ikusten ari gara mobilizazioko lau eskaerek euskal jendartean duten babesa [Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira da leloa]. Madrilera eta Parisera iristeko irudia da, espetxe politika alda dezaten. Euskal Herrian inoiz izandako manifestaziorik erraldoienetakoa da, erraldoiena ez bada".
Xabier Mikel Errekondo (Amaiur): "Espainiako Gobernuari gorroto eta mendekuzko politika uzteko eskatzen diogu, eta euskal presoen eskubideak errespetatzeko".
Adolfo Muñoz (ELA): "Euskal Herriko normalizazioa bideratzeko eta espetxe politika aldatzeko beharrezkoa da kalera ateratzea".
Ainhoa Etxaide (LAB): "Frantziak eta Espainiak errotik aldatu behar dute jarrera, euskal gizartearen kontrako bidean doazelako. Iazko martxa historikoa izan zen, baina gobernuak ez dira mugitu eta presoen egoera okertu egin da".
Fermin Muguruza (musikaria): "Iaz sekulako ilusioarekin etorri ginen. Urtebete pasatu da eta ez da inolako mugimendurik egon [espetxe politikan]. Lotsagarria da hori. Sakabanaketa politika bukatu egin behar da. Aurten ere ilusio handiarekin etorri gara, baina kezka handiagoarekin. 2013ak erabakigarria izan behar du".
Unai Sordo (Euskadiko CCOO): "Espetxe politikako gauza batzuk ez ukitzeko aitzakiarik ez dago. Ezin da mugitu gabe jarraitu. Euskadiko CCOOk sindikatu bezala ez du parte hartu martxan, baina gure erakundeko kide esanguratsuak izan dira bertan".
PSE-EE: "Presoen auzia ez da konponduko kaleetan, kartzelatan baizik. Batasunaren munduak ardura hori hartu behar du, eta ETAren desagerpena erraztu beharko luke, gaur egun ETA arduratzen delako presoez".
Joan Tarda (ERC): "Euskal presoen ondoan dago ERC. Iazko manifestazioaren ondoren itxaropentsu geunden, baina Espainiako Gobernua ez da mugitu. Jarrera horrek ez darama inora".
David Fernandez (CUP): "Euskal Herrian azken hamar urteetan bizi izan diren salbuespen eta gerra politikek bukaera behar dute".