Pozik dago Bilboko Udala aurtengo Aste Nagusiak eman duenarekin. Egitarauko ekitaldiek harrera ona izan dutela esan du udalak, baina batez ere "Aste Nagusian izan den giro ona eta normaltasuna" nabarmendu ditu.
Jende gehien kontzertuek bildu dute. Zortzi gune izan dira, eta guztira 178.000 lagun jaso dituzte. Abandoibarrak izan du ikusle gehien, 34.500. Han izan ziren Los Planetas, Doctor Deseo, Malu, Mecano Musikala, BOS & Korrontzi, Sara Baras, Leiva, Juan Zelada eta Russian Red taldeak. 32.000 lagun inguru bildu dira, berriz, Europa parkera, Abraham Mateo, Antonio Orozco, Sweet California eta Carlos Jeanen kontzertuetan.
Txikiguneko bisitari kopurua ere nabarmen igo da Kasilda Iturrizar parkera aldatu zenetik. Hain zuzen ere, azken hiru urteetan, %30 igo da bisitari kopurua. Euskal dantzen ikusleek ere gora egin dute: 11.800 lagun inguru bildu dira Plaza Barrian. Herri kirolek eta pilota ikuskizunek, bestalde, ikusle kopuru antzekoa mantendu dute, 10.600 lagun.
Datu horiekin guztiekin Aste Nagusiaren ezaugarri parte hartzailea eta herrikoia berretsi direla uste du Bilboko Udalak.
Segurtasunari dagokionez, oro har jaiak "lasai" igaro direla azaldu du udalak, nahiz eta hainbat lapurreta izan diren: iaz baino %24,5 gehiago. Hala ere, datu onen artean azpimarratu du ez dela izan sexu erasoen salaketarik.