Ohar labur baten bidez jakinarazi du bere erabakia Nuclenor enpresak —Endesak eta Iberdrolak osatzen dute—. Garoñako zentral nuklearraren jarduera luzatzeko eskaera egiteko epe handiagoa galdegin zuen Nuclenorrek, baina emateari uko egin zion Espainiako Gobernuak. Erabaki horri helegitea jar ziezaiokeen Nuclenorrek bihar arte, baina uko egin dio. Hala ere, zentral nuklearraren jarduerarekin orain arte bezala jarraitzeko konpromisoa eta gogoa azaldu ditu enpresa ustiatzaileak.
Nuclenorrek oharrean adierazi duenez, uko egin diote errekurtsoa jartzeari, inpugnatu nahi zen erabakia hartu zuen erakunde berak —Industria Ministerioak— ebatzi beharko lukeelako haren inguruan. "Pentsatzekoa da bere egunean hartu zuen erabakiaren arrazoei helduko diela", adierazi du Nuclenorrek.
Garoñak 40 urtetik gorako bizia du —1970ean ireki zuten—, eta arazo teknikoak izan ditu: hozte sisteman, suteak eragozteko sisteman eta kontrol sala isolatzeko sisteman, eta egiturazko beste hainbat. 2006tik Espainiako Estatutuko zentralik zaharrena da.
Espainiako Gobernuak (PSOEk) aurreko legealdian 2013ko ekainaren 6an ixteko agindua eman zuen, eta Auzitegi Nazionalak 2010eko uztailean baleko jo zuen hark zentral nuklearra ustiatzen jarraitzeko emandako luzapena eta behin betiko ixteko ezarritako eguna.
Arabatik gertu dagoela eta, Eusko Legebiltzarrak hura ixteko eskatu izan du.