INGURUMENA

Nuclenorri 18,4 milioi euroko isuna ezarri diote, 2012an Garoña ixteagatik

Lehia eta Merkatuaren Espainiako Batzordeak ezarri dio zigorra, iritzita ezin dela "baimenik gabe energia elektrikoaren ekoizpena murriztu".

Greenpeace taldearen protesta bat, Garoñaren aurrean. MARIO GOMEZ / EFE
2014ko uztailaren 17a
14:35
Entzun

2012ko uztailean zen ixtekoa Santa Maria de Garoñako (Burgos, Espainia) zentral nuklearra, baina Espainiako Gobernuak 2012ko irailera arteko epea eman zion jardunaren luzapena eskatzeko. Nuclenorrek —Iberdrolak eta Endesak dute enpresaren jabegoa, erdibana— ez zuen hala egin.

Orain, Lehia eta Merkatuaren Espainiako Batzordeak ebatzi du Nuclenorrek "baimenik gabe" itxi zuela zentrala 2012ko abenduaren 16an. 2013ko uztailean abiatu zuen ikerketa batzordeak, iritzita Nuclenorrek "segurtasun edo arrazoi teknikorik gabe" itxi zuela Garoña. Nuclenorrek 184 milioi euroren irabazi garbiak izan zituen 2011n, eta, isunaren zenbatekoak gehienez fakturazioaren %10 izan behar duenez, 18,4 milioi eurotan zehaztu dute zigorra.

Joan den maiatzean iragarri zuen Nuclenorrek Garoñaren jarduna luzatzeko asmoa. 1971n zabaldu zuten Garoñako zentral nuklearra, eta etengabe atzeratu dute ixteko eguna. 2024 arteko epea aipatzen zuten, baina harago jo nahi du enpresak: 2031 arte. Hirurogei urte martxan. Nuclenorrek azaldu zuen AEB Ameriketako Estatu Batuetan bizi hori izaten dutela Garoñaren moduko zentral nuklearrek eta gai horretan "erreferentzia" direla AEBak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.