UNIBERTSITATEA

NUP erabat hartu du Poliziak, eta protestak eragotzi ditu

Ikasleek eta langileek unibertsitate barruan egitekoak zituzten elkarretaratzeek baimenik ez dutela esan du Foruzaingoak, eta kazetariei ere trabak jarri dizkie. Bi ikaslek lortu dute ekitaldian sartzea, eta protesta egin dute. Ikusi BERRIAk egindako zuzeneko kontaketa.

Ikasleak, eserita, poliziak bertan dituztela. @IABERTZALEAK
2013ko irailaren 13a
15:00
Entzun

Ikasturtea hasteko ekitaldi ofiziala izan dute gaur NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta Foruzaingoak eta Espainiako Poliziak erabat hartu ditu unibertsitate inguruak. Murrizketak salatzeko protestak antolatuak zituzten ikasleek eta LAB sindikatuak unibertsitate eremuan, baina baimenik ez dutela esan die Poliziak, Espainiako Gobernuaren ordezkariari baimena eskatu behar ziotela aurretik. Haiek erantzun diote ezetz, unibertsitateko eremuaren barruan lehen ere egin izan dituztela protestak gobernuaren ordezkaritzari baimenik eskatu gabe. Elkarretaratze bat egin dute unibertsitateko eremutik kanpo, baimenarekin, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentearen aurka, Barcina go home leloarekin.

Ekitaldi ofiziala 12:00etan hasi da. Orain arteko ekitaldietan langileek ez dute aparteko arazorik izan barrura sartzeko, baina aurten oztopoak jarri dizkiete: errektoretzak hogei langile soilik sartzeko baimena eman du. Ikasleei, berriz, ez diete Sario eraikinera sartzen uzten, "segurtasun arrazoiak" argudiatuta. Bi ikaslek lortu dute, hala ere, ekitaldira sartzea. Barcinari kontu hartu diote, eta salatu dute tasak nabarmen igo dituztela azken ikasturteetan. Euskarazko ikasgai gehiago ere galdegin dituzte.

Kazetariei oztopoak jarri dizkiete lana askatasunez egiteko. Hesi bat sortu dute poliziek, eta hortik atzera egoteko agindu diete kazetariei ere.

Prezioen igoera jomugan

Ikasturtearen hasierako ekitaldi horretan, unibertsitateko prezioak hazi eta bekak lortzeko baldintzak "gogortu" egin dituztela salatu du Julio Lafuente NUPeko errektoreak. Haren ustez, bi neurri horien bitartez "batzuentzat gaindiezinak diren hesiak" jartzen ari zaizkie ikasleei, eta "zentzugabetzat" jo du beka bat lortzeko batez besteko nota bost puntutik gorakoa izatea.

Barcinak nabarmendu du Nafarroako Gobernuak bost puntuko langari eutsiko diola bekak emateko, ez Espainiako Hezkuntza Ministerioak eskatutako 6,5 puntuak, "aukera berdintasuna" sustatzeko.

Goizak emandakoaren zuzeneko kontakizuna, hemen bilduta:

[Storify]http://storify.com/ggoikoetxea/ikasturte-hasiera-nupen[/Storify]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.