Pozik” eta “ohorez” hartu du Alfonso Karlosena fisikariak (San Martin Unx, Nafarroa, 1962) NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore kargua. Azaldu duenez, unibertsitatea “aro berri baten atarian” dago, eta Nafarroako gizartearen, gobernuaren eta parlamentuaren “babesa” baino ez du beharko etapa berrian. Nabarmendu duenez, unibertsitatea “Nafarroako garapen sozialeko eta ekonomikoko motore gisa” aintzat har dezaten lortu nahi du. Julio Lafuente errektore ohiari hartu dio lekukoa, eguerdi aldera Iruñeko Arrosadia campusean egin duten ekitaldian. Ikerketarako errektoreorde gisa aritu da Karlosena azken zortzi urteotan, Lafuenteren taldean.
Errektore berriarekin batera, kargua hartu dute errektore taldeko gainerako lagunek. Karguari eutsiko diote orain arteko Ekonomia errektoreorde Manuel Rampunek eta Hedapenekoak, Eloisa Ramirezek. Ramon Gonzalok —Ikerketa errektoreorde—, Carmen Jarenek —Irakaskuntzakoa—, Cristina Baionak —ikasleak eta enplegua—, Hugo Lopezek —Internazionalizaziokoa— eta Ines Olaizolak —idazkari nagusia— osatzen dute errektore taldea. Kargua hartzeko ekitaldiaren ostean, Gizarte Kontseiluaren batzarrera deitu dute, Pello Irujo NIE Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakaria kudeatzaile izendatzeko.
Ekitaldian izan dira, besteak beste, Julio Lafuente errektore ohia, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko jarduneko presidentea, eta Nafarroako Parlamentuko jarduneko presidente Alberto Catalan.
Maiatzaren 13an hautatu zuten Karlosena errektore. Botoen %70,54 jaso zituen, eta sektore guztietan irabazi zuen: irakasleen eta ikerlarien artean eta administrazio langileen artean erraz nagusitu zitzaion Jorge Nieto beste hautagaiari. Ikasleen artean, berriz, bozka gehiago lortu zituen arren, aldea ez zen horren nabarmena izan.
Haren kanpainaren muinean izan dira NUPen ikasketa eskaintza zabaltzea, eta unibertsitatearen autonomia handitzea; besteak beste, Medikuntzako ikasketak martxan jarri nahi ditu, eta erakundearen egitura berrikusi behar dela nabarmendu du.
Ikerlari, irakasle eta kudeatzaile
Zaragozako (Espainia) Unibertsitatean egin zituen fisika ikasketak. Han bilakatu zen doktore eta hasi zen klaseak ematen. 1992tik, berriz, Nafarroako Unibertsitate Publikoan aritu da ikerketa lanetan eta irakasle gisa. NUPen lanean hasi eta zortzi urtera —2000. urtean—, katedradun bihurtu zen, Seinalearen Teoriaren eta Komunikazioaren esparruan.
NUPen irakasle ibili den urteotan, AEBetako unibertsitate bitan aritu izan da ikerlari eta irakasle gonbidatu gisa: New Mexico State Universityn izan zen 1999an; eta Arizona State Universityn, 2004tik 2005era. Zaragozan eman zuen garaian, berriz, Zurichen (Suitza) izan zen doktorego ondorengoko ikertzaile lanetan, Swiss Federal Institute of Technologyn —1989an eta 1991an—.
Arlo akademikoan ez ezik, kudeaketan ere esperientzia zabala du Karlosenak. Julio Lafuente errektore ohiaren eskutik heldu zen kudeaketaren esparrura, eta hain zuzen ere, kudeaketa lanetan eman ditu azken zortzi urteak Lafuenteren taldean, ikerketarako errektoreorde gisa.