Nafarroako Unibertsitate Publikoko langile baten aurkako sexu erasoa salatzeko, elkarretaratzea egin zuten atzo Iruñean. Iragan abuztuaren 4an, lanera bidean zihoala, gizon bat oldartu zitzaion emakumeari. Unibertsitateak, garbiketa enpresak, zentroko irakasle eta ikertzaileen batzordeaketa ikasleek deitu zuten elkarretaratzera, eta 200 lagun inguru elkartu ziren unibertsitateko liburutegiaren aurrean.
Genero indarkeriaren atzean arrazoi «kultural» eta «sozialak» ezkutatzen direla aditzera eman zuen Sara Aramendiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonalaren zuzendariak. Bertan bildutakoek gaitzetsi egin zuten «gizakien duintasuna ezbaian jartzen duen tratu oro», eta biktimari laguntza eta elkartasuna adierazi zizkioten.
Erasoa jasan zuen emakumearen lankide Maite Garciak ere gogor defendatu zuen indarkeriarik eta sexu jazarpenik gabeko lan giroa. «Horretarako, behar-beharrezkoa da berdintasun planak martxan jartzea, baita jazarpen egoeren aurkako protokolo eraginkorrak ere». Azaldu zuen erasoaren ondorioz emakumeak kalte fisiko eta psikologikoak dituela, eta halakorik berriro ez gertatzeko galdatu zuen.
Aramendiak argi utzi zuen unibertsitateko talde guztiek tolerantziarik gabeko batasun bat osatu behar dutela: «Irakasleok, ikasleok, administrazio eta zerbitzuetako langileok, eta enpresa kontratatuok genero indarkeriaren aurka borroka egin behar dugu, eta, ikasgeletan kontzientziazio lana egiteaz gain, borroka hori geletatik kanpora atera behar dugu». Emakumeen aurkako bortizkeria erabat desagerrarazi behar dela azpimarratu zuen Aramendiak.
Ildo berean mintzatu zen Miren Aranguren ere, Emakumeen Mundu Martxak atzo Bilbon eman zuen pentsaurrekoan. «Denok dugu ardura jendarteko gertakarien inguruan, eta horregatik gure apustua, beti, jendarte guztiaren inplikazioa, aktibazioa eta erantzuna bilatzea da», nabarmendu zuen Arangurenek. Era berean, instituzio publikoak kudeatzen dituzten politikarien «ardura eta erantzukizuna» eskatu zituen, protokoloen errebisio sakona eta koordinazioa eskatzearekin batera.
Horrez gain, emakumeek jarritako salaketa guztien jarraipena eta horiek saihesteko neurri errealen beharraz mintzatu zen Aranguren. «Izandako salaketa eta kasu guztien gaineko jarraipena eskatzen dugu, eta horiek eragozteko neurri errealak eta eraginkorrak jartzea». Izan ere, aurten Euskal Herrian bost emakume erail dituzte. Horietako bik —Rosario Romanek eta Deisy Mendozak— salaketa jarrita bazeukaten ere, «babes falta nabariagatik» hil zituzten haien bikotekideek.
Era berean, arazoaren larritasun guztia kontuan hartu behar dela adierazi zuen. «Aski da datuak ezkutatu, partxeak eta neurri eskasak jarri eta arazoak duen larritasun guztia kontuan ez hartzetik».
Erasotzaileak hezteko
Lau gizonezko atxilotu ditu Nafarroako Foruzaingoak aste honetan, beren bikotekide edo bikotekide ohiei tratu txar fisiko edo psikologikoa maiz ematea egotzita. Urruntze agindua ere ezarria zioten horietako bati, baina bikotekide ohia mehatxatzen, gutxiesten eta iraintzen segitzen zuen, emakumeak salatu duenez.
Tratu txarrak eman izan dituzten gizonezkoentzat izango da, hain justu, Nafarroako Gobernuak aurten martxan jarriko duen proiektu bat. Doako arreta psikologikoa eskainiko die aurkako ebazpen judizial irmorik ez duten arren bikotekide edo bikotekide ohiekiko tratu txarrak eragozteko kautelazko neurriak dituzten gizonezkoei.
Rol maskulino eta femeninoakdesegiten edo norbere amorrua eta bulkadak kontrolatzen lagunduko diete, besteak beste, printzipioz hogeita lau saiotan bildu duten programa batean. Gizonek beren borondatez parte hartuko dute terapia saioetan.
NUPeko langile bati eginiko sexu erasoa salatzeko, elkarretaratzea egin dute
Andreak babesteko protokoloak berriz azter daitezen eskatu du Emakumeen Mundu Martxak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu