NUPen bada zer ospatu ez duenik

Nafarroako Unibertsitate Publikoak dituen «egiturazko arazoak» agerian utzi nahi izan dituzte bertako hainbat langilek eta ikaslek, erakundeak 25. urteurrena bete duenean.

LABeko Ane Gil eta Patxi Abasolo, eta ELAko Ander Pascual, Sario eraikinaren aurrean, NUPen. IÑIGO URIZ / ARP.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 25 urteko bidea egin du. Ospatzeko data bada, baina argiekin batera, ilunak mahai gainean jarri nahi izan dituzte erakunde horretako hainbat kidek. Ez da oraingoa garai erraza unibertsitatearentzat. Nafarroako eta Espainiako gobernuek ezarritako murrizketek eragin diote azken urteotan NUPi. Horretaz gain, «egiturazko» bertze hainbat arazo baditu erakunde horrek, eta haiei aurre egin beharrean dago. Horixe uste du LAB sindikatuko unibertsitaterako koordinatzaile Patxi Abasolok. Euskararen egoera, administrazio eta zerbitzuetako kideen lan gatazkak eta irakasleen arloko prekarietatea aipatu ditu horren adierazle.

Euskararen arloan, «mingarritzat» jo du Abasolok egoera. «Oraindik ere, irakasleen borondatea da gakoa». Unibertsitatearen irudian euskarak tokia baduela uste du, baina ez, ordea, esparru akademikoan: «Irakasle ikasketak dira euskaraz egin daitezkeen bakarrak, eta horietan ere espezialitate guztiak ezin dira euskaraz ikasi».

2003an hizkuntza plangintzarako errektorearen alboko izendatu zuten Patxi Salaberri, baina hark, eta euskara batzordeko gainerako kideek, dimisioa eman zuten 2005ean. «Geroztik, euskara arduradunek ez dute berriz errektoreorde maila izan. Euskararen plana ere 2007an onartu zuten, eta geroztik ez dute berria egin».

Euskararen esparruan urratsak egiteko modu bat litzateke Euskal Herriko Unibertsitatearekin harremana estutzea, Abasoloren ustez. «NUPek, ordea, ez du horren alde egin. Tabu bilakatu du aukera hori, eta Espainiari so egitea nahiago izan du».

Abasolorekin bat egin du Gorka Albenizek (Lizarra, 1991), NUPeko ikasle eta Ikasle Abertzaleak taldeko kideak. Argi du euskararen alde anitzez ere gehiago egin dezakeela unibertsitarte horrek. Enpresa ikasketak egiten ari da Albeniz. «Bigarren mailan nago; ikasgai bakarra dut lauhilabeteko honetan euskaraz. Ingelesari euskarari baino garrantzi gehiago ematen dio NUPek».

Hizkuntzari buruzkoa ez da ikasleak nabarmendu arazo bakarra. Espainiako Gobernuak iragarritako murrizketak, batez ere, ikasleek pairatu beharko dituztela salatu du eta, ondorioz, handia dela haien haserrea: «Unibertsitatea pribatizatu nahi dute».

Langileen ezinegona

Espainiako Gobernutik ezarritako neurriei egin diete so, halaber, NUPeko administrazio eta zerbitzuetako langileek. Neurri horiek, hala ere, unibertsitateak berak zail bilakatutako egoera okertu baino ez dutela eginen ohartarazi du LABeko administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari Ane Gilek. Langileok «hutsaren hurrengotzat» hartzen dituztela salatu du Gilek. «NUPek bere kabuz hartu du lan hitzarmena ez betetzeko erabakia. Inposatu nahi izan digu erabaki hori». Bost besta egun eta udako lanaldian egiten duten 30 minutuko murrizketa kendu nahi dizkie unibertsitateak, eta, azken hilabeteotan, langileon protestak eragin dituzte erabaki horiek.

«Krisia edozer neurri hartzeko hitz magiko bilakatu da», nabarmendu du LABeko kideak. Onartu du Nafarroako Gobernuak NUPentzako diru saila murriztu duela azken urteotan, baina unibertsitateak hartutako hainbat erabaki zalantzan jarri ditu. «Langileoi soldata jaitsi eta izoztu digute; atal buruentzat, berriz, guztientzat, osagarriak onartu dituzte, hau da, soldataren %20 gehiago».

Irakasleek ere pairatu dute soldata jaitsiera. Eta badute zer erran. Horixe uste du Ander Pascualek, ELAko ordezkariak: «28 irakasle botako dituzte, gutxienez; gehiago izan daitezke, funtzionarioek eskola ordu gehiago eman beharko dutelako. Irakasle elkartuek pairatuko dituzte ondorioak, bereziki». NUPek «eredu neoliberala ezarri» bertzerik ez duela egiten salatu du, eta «alternatiba» izateari uko egin diola. Zaila dator etorkizuna, baina orainak ere ospatzeko arrazoi gutxi ematen dituela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.