Bilatze eta atxilotze agindua zeukaten Oarsoaldeko (Gipuzkoa) zortzi gaztek eta Barakaldoko (Bizkaia) beste bik euren burua entregatu dute gaur goizean Donostiako Lurralde Auzitegian, eta Espainiako Poliziak atzeman egin ditu hantxe. Kalez jantzitako poliziek epaitegi atarian atxilotu dituzte. Bihar pasatuko dira Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurretik. Gaur Oiartzunen eta Errenterian (Gipuzkoa) mobilizazioak egingo dituzte, 20:00etan hasita.
Kale indarkeriarekin lotuta Oarsoaldean -Errenterian eta Oiartzunen zehazki- Poliziak apirilean eta Barakaldon Ertzaintzak maiatzean egindako sarekadeez geroztik ihesean ziren gazteek aurretik agerraldia egin dute Oiartzungo udaletxean. Iker Sarriegi eta Onintza Ostolatza abokatuen laguntzarekin eman dute prentsaurrekoa, ondoan dozenaka senide eta lagun zituztela. Gazte haien bi abokatuek agerraldian zehaztu dutenez, hauek epaile baten aurrean deklaratu nahi zuten, "baina Espainiako Auzitegi Nazionalean egitea galarazi diete, poliziek atxilotzea nahi dituztelako". Gazteek uko egin diote polizien aurrean deklaratzeari, "torturaren bitartez autoinkulpazioak lortu nahi dituztelako poliziek, sarekada polizialetan gertatu zen moduan".
Atxilotuen artean, Alain Luna, Hodeiertz Urain, Oihana Mujika, Maitane Linazasoro, Egoitz Urbe, Oinatz Arbelaitz, Imanol Sagartzazu eta Iker Zabala dira Oarsoaldekoak, eta Asier Gomez Salazar eta Jon Villanueva Barakaldokoak.
"PSOEren gerra estrategiaren" baitan kokatu dituzte aipatutako operazioak. "Gazte eta independentista izatea da gure delitu bakarra", nabarmendu dute gazteek. Hala, haien "aukera politikoa" berresteaz gain, Espainiako Auzitegi Nazionalaren desagerpena aldarrikatu dute, "gerra estrategia horren parte den neurrian".
Apirileko sarekadan hamabi lagun atzeman zituzten Oarsoaldean, eta maiatzekoan bost Barakaldon.
Askatasunaren salaketa
Askatasunak gazte haiek atxilotu izana kritikatu du. "Marlaska epaileak gazteei euren inputazioen inguruan deklaratzera joateko ateak itxi dizkie. Zer dago erabaki horren atzean? Apustu garbi bat atxiloketen, komisaldegien eta poliziari inpunitate espazioak zabaltzearen alde. Larria da epaileen jokabidea, argi eta garbi tratu txarrak eta torturak ahalbidetzen dituen espazioen aldeko apustua egiten duelako".
Gazteak "independentziaren aldeko lan politikoa egiteagatik" atxilotu dituztela dio Askatasunak, eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren "berehalako" desagerpena exijitu du.
Atxiloketak
Oarsoaldeko eta Barakaldoko hamar gazte atxilotu ditu Espainiako Poliziak Donostiako Epaitegiaren atarian
Apirileko eta maiatzeko operazioez geroztik ihesean zeuden. Deklarazioa Espainiako Auzitegi Nazionalean egitea "galarazi" zieten, "poliziek atxilotzeko". Euren burua entregatu dute gaur Donostian. Alain Luna, Hodeiertz Urain, Oihana Mujika, Maitane Linazasoro, Egoitz Urbe, Oinatz Arbelaitz, Imanol Sagartzazu, Iker Zabala, Asier Gomez Salazar eta Jon Villanueva dira atxilotuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu