hondakinak

Oñatiko atez atekoaren aurkakoek salatu dute hedabideek oharraz eginiko "erabilera interesatua"

Oñatiko Atez Atekoaren Aurkako Plataformaren desegiteaz mintzatu da Mikel Biain alkatea. Esan duenez, plataformako kideekin hitz egin du, eta haiek azaldu diote ez zutela "horrelako mezurik igorri" eta ez zutela ulertzen nondik atera zuten "mehatxuen gaia".

2013ko urtarrilaren 17a
16:58
Entzun

Oñatiko Atez Atekoaren Aurkako Plataforma "jasandako errepresaliengatik" desegin egingo dela argitaratu dute gaur El Diario Vasco egunkariak eta Noticias taldekokazetek. Egunkari horiek plazaratu dutenez, plataformak salatu du "errepresalien beldur" hainbat herritarrek ez dutela atez atekoaren aurka inplikatu nahi izan, eta, besteak beste, pintaketak agertu izan direla plataformako kideen aurka.

Agerraldi bat egin du gaur goizean Oñatiko udal gobernuak, informazio horren gaineko balorazioa egiteko. Mikel Biain alkateak azaldu duenez, harremanetan jarri zen atzo arratsaldean plataformako kideekin, eta haiek esan zioten ez zutela "horrelako mezurik igorri" eta ez zutela ulertzen nondik atera zuten "mehatxuen gaia". Biainen hitzetan, elkarrizketa horretan plataformako kideek aitortu zuten desegiteko asmoa zutela eta "irainduak sentitu" izan direla.

Plataformako kideen aurkako pintaketei eta Interneteko hainbat forotan agertutako zenbait iritziri dagokienez, Biainek oroitarazi du pintaketa horiek "berehala" ezabatzeko agindu zuela udal gobernuak; sareko iruzkinez, berriz, hauxe esan du: "Ez ditugu hor esan direnak ez partekatzen eta ez babesten".

Plataformak eta udal gobernuak bilera bat egin dute 15:00etan, eta adierazpen bat izenpetu dute Juan Carlos Aranburu Oñatiko Atez Atekoaren aurkako Plataformako kideak eta Mikel Biain alkateak. Diotenez, informazio hori argitaratu duten hedabideek plataformaren oharraren "erabilera interesatua" egin dute, eta "gutunean jartzen duenera" mugatzeko eskatu diete. Gainera, bi taldeek nabarmendu dute bilera "errespetuzkoa eta bi aldeen arteko begirunean oinarritutakoa" izan dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.