Proposamen hori Klima Aldaketaren Aurkako Legearen zirriborroan dago; datorren urteko martxoan gobernu bileran onartu nahi den zirriborroan, alegia. Berotegi efektua eragiten duten gasen isurketak murrizteko helburua du lege egitasmo horrek, eta hori lortzeko neurrien zertzelada batzuk eman zituen Pilar Unzalu Ingurumen sailburuak atzo, Eusko Legebiltzarreko Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Batzordean.
Lege zirriborroa bere horretan onartuko balitz, 2016. urtetik aurrera instituzioek eraikiko dituzten eraikinek ezingo dute berotegi efektua sortzen duten gasik isuri; hau da, segurtatu beharko dute eraikin horiek kontsumitzen duten energia ekoizteko ez dela isurtzen berotegi gasik. Neurri horien bitartez, EAEko isurketak jaitsi nahi ditu Jaurlaritzak, Kyotoko protokoloan agindutakoa bete ahal izateko.
Administrazioaren garrantzia
Enpresen isurketak neurtzeaz gain, instituzioei berebiziko garrantzia eman diete Unzaluk aurkeztutako legearen zirriborroan. Ingurumen sailburuak nabarmendu du klima aldaketari aurre egiteko erabakien %75 inguru lurralde administrazioen esku daudela, nahiz eta arazo hori mundu osoan gertatzen den, eta erabaki horiek errazteko tresna batzuk aurkeztu ditu.
Besteak beste, herri administrazioek gas isurketen murrizketa helburuak zehaztu beharko dituzte legea onartu eta bi urteko epean, eta helburuak gauzatzeko protokoloak ere zehaztu beharko dituzte. Ordea, legea onartu arte hilabete asko igaroko dira, gobernu bilerakonartu arren Eusko Legebiltzarreko tramiteak gainditu beharko dituelako gero.
Hirigintzari dagokionez, irizpide bioklimatikoen alde egitea eskatzen die lege egitasmoak EAEko administrazioei. Auzo berrietan dentsitatea handitzearen alde ere egiten du, garraioak gutxitzeko helburuarekin. Horrez gain, eraikin berriek zein zaharberritutakoek energetikoki bideragarriak izan beharko dutela gaineratzen du, eta hori lortzeko neurriak abiarazteko eskatzen die administrazioei.
Horrez gain, kontratu publikoak egitean ingurumena zaintzeko politikak dituzten enpresak saritzeko proposamena ere egin du Jaurlaritzak legearen zirriborroan; hau da, kontratu publikoen baldintzak jakinaraztean, ingurumena zaintzeko politikek duten garrantziaren berri emango lituzkete instituzioek. Neurri horren garrantzia nabarmendu du Jaurlaritzak, kontratu publikoak EAEko barne produktu gordinaren %16 inguru direlako.
Azkenik, isurketa erregistro bat sortzea proposatzen du legearen zirriborroak, non ekintza publiko zein pribatuek izena emateko aukera izango baituten finkatutako helburuen jarraipena egin ahal izateko. Helburuak gauzatuz gero sarituak izango dira, saria nolakoa izango den zehaztu ez den arren. Zergak ordaintzerakoan abantailak izatea, edo bestelako pizgarriak ikertuko direla aurreratu du Eusko Jaurlaritzak.
Kyoto buruan
Eusko Jaurlaritzak zehaztu duen muga jakina da; 1990. urtean EAEn izan ziren isurketak baino %14 gehiago ez dira utzi nahi hazten isuriak. Hori da Kyotoko protokoloan zehaztu zen muga, eta hori lortzeko asmoa agerian utzi Unzaluk. Horretarako «kultura aldaketari» ezinbesteko deritzo. Industrian ere aldaketa eskatu du, berrikuntzaren aldeko pausua emanez, baina berotegi efektua eragiten duten isuriak murriztuz.