Gaur 11:30ean Herrira-ko kideei harrera egitekoa zen Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, eta ekitaldi horren berri eman dio Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak Auzitegi Nazionaleko fiskalari.
Urkijoren hitzetan, Garitanok "terroristak txalotzen dituztenekiko" duen "begirunearen" eta "biktimekiko mespretxu etengabearen beste froga bat" da harrera. Harrerako ordua baino lehen, Urkijok fiskalari ohartarazi dio Garitanok "lausengatu" egingo zituela Herrira-ko kideak, eta oroitarazi dio mugimenduaren jarduna bi urtez eten duela Auzitegi Nazionalak. Hori horrela, Urkijok uste du Garitanok plataformako kideei harrera eginda "desobedientzia" delitu bat egin dezakeela.
Garitano "egunero" ari da "suarekin jolasean", Urkijoren esanetan. Gaineratu du ahaldun nagusiak egiten duena "adi" jarraituko duela, "diputazioa ez dezan bihurtu legea zokoratuta dagoen leku bat".
Garitanok, ordea, ez die harrera egin Herrira-ko kideei, eta Urkijori erantzun dio "obsesioak" ez direla onak. Zehaztu du "sarekada polizial batek kaltetutako herritarrekin" zela bilkura, ez Herrira-rekin. Nagore Garcia eta Jesus Mari Aldunberri ziren aldundiaren egoitzara joatekoak, eta biak atxilotu zituzten Herrira-ren kontra Guardia Zibilak irailaren 30ean eginiko operazioan.
Bere helburua operazioaren berri izatea zela azaldu du Garitanok.