Euskal preso eta iheslarien eskubide urraketa salatzeko, ekintzaile talde batek Ocaña II (Toledo, Espainia) espetxeko sarrera itxi du sinbolikoki gaur goizean. Zortzi lagunek parte hartu dute ekintza horretan, eta sarrera "pertsiana" batekin itxi dute. Cerrado-Itxita-Fermé-Closed leloa zuen pertsianak. Elkartasun Keinuak taldeak eman du horren berri.
Aurpegia emanez burutu dute ekintza zazpi lagunek, bletzez jantzita eta gorbata gorriarekin, eta han geratu dira, ihesean joan gabe. "Lagun talde bat gara, amets komun batekin, eta ilusio horrek bultzatuta egiten dugu lan", adierazi dute ekintza zabaltzerakoan egiterakoan. Pertsianarekin giza eskubideak espetxeetan "giltzapean bahituta" dituztela irudikatu nahi izan dute.
"Ezin da itxaron"
Egoera horiek salatzeko irudimena erabiltzera deitu dute, eta mugimendu horretara batzera deitu dute, presoek, senideek eta gizarteak ezin dutela gehiago itxaron argudiatuz. "Guk behar dugulako. Eta zuk ere behar duzulako. Eskuratu eskubideak. Erabili irudimena, eta altxa zaitez bidegabekeria honen aurrean".
Ekintzaren aldarrikapenean azpimarratu dute ez direla normala sakabanaketa, "maskarada judizialak", "zigor bidegabeak", bakartzeak, isolamenduak eta heriotzara arteko zigorrak. "Normala dela diote, baina ezin ditugu normaltzat hartu. Ezin da normala izan".
Aurreko asteetan ere hainbat ekintza izan dira espetxeetan. Horietan zenbait lagunek pintaketak egin dituzte Frantzia eta Espainiako hainbat espetxetan, aurpegia estalita, eta horien egin ondoren ihes egin dute. Gaurkoa, berriz, dinamika berri baten lehen ekintza da.