Odon Elorza alkate izateko bidean da, bosgarren aldiz jarraian, 1991n lehenengoz kargu horretan hautatu zutenetik. Atzoko hauteskundeetan erraz nagusitu zen hautagai sozialista, eta alde dezente atera die beste hautagaiei.
PSE-EEk erraz irabazi arren, duela lau urteko hauteskundeetan baino ia bost mila boto gutxiago eskuratu ditu. Eta hori izan da ia alderdi guztien joera. Ia guztiena, zeren eta EAE-ANVk duela lau urte Baga-Boga plataforma baliogabetuak baino boz gehiago eskuratu baitzituen atzo. Donostiako laugarren indarra izan da EAE-ANV, eta, haren zerrenda baliogabetu ez balute, hiru zinegotzi eskuratuko zituen, atzo izandako emaitzen arabera.
PP bigarren indarra izan da atzoko hauteskundeetan, baina duela lau urte baino ia zazpi mila boz gutxiago eskuratu ditu.
Eta, beharbada, EAJ eta EA izan dira atzoko hauteskundeetako galtzaile nagusiak. Duela lau urte koalizioak lortu baino ia bederatzi mila boto gutxiago bildu dituzte bi alderdi abertzaleen artean orain. Hala, bi zinegotzi gutxiago izango dituzte orain udal berrian.
PSE-EE ETA EAE-ANV GARAILE. PSE-EEk eta EAE-ANVk izan dituzte emaitzarik onenak Gipuzkoako udal hauteskundeetan. PSE-EEk eutsi ahal izango die Irun, Eibar, Errenteria, Lasarte-Oria eta Andoaingo alkatetzei.
EAE-ANVk ere emaitza onak atera ditu, bai legez aurkeztu den herrietan, bai zerrendak baliogabetu dizkietenetan. Ildo horretan, EAE-ANV zerrendarik bozkatuena izan da Arrasaten, Pasaian, Hernanin eta Bergaran, besteak beste.
Odon Elorza Donostiako alkate izango da bosgarren aldiz jarraian
PSE-EE nagusi izan da Irun, Errenteria eta Eibarren, eta EAE-ANV Arrasate, Bergara eta Hernanin gailendu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu