Odon Elorza Donostiako alkateak esan du Sortu legeztatu behar dela eta zeinbait polizia txosten ez direla zuzenak, espekulazioak dituztelako. Espainiako trantsizioan eskuinarekin gertatutakoa ekarri du gogora Elorzak Batasunaren eta Sorturen arteko jarraipenaz hitz egiterakoan: "Ez al zegoen orduan jarraipenik? Noski baietz, baina garai berrietara egokitzeko borondatea zegoen", esan du. Bere hitzetan poliziaren txostenek ez dute aintzat hartzen legezkoa izateko Sortu egiten ari den ahalegina, eta abertzale eta independentista bozkatu nahi duen masa bat dagoela adierazi du: "Eta hori ez da desagertuko"
Izquierda Unida ere Sortu legeztatzearen alde
Cayo Lara Izquierda Unidako koordinatzailea ere gaur Sortu legeztatzearen alde agertu da. Elkarrizketa batean ideiak legez kanpo uztea oso arriskutsua dela esan du, eta Sorturen kasuan, gainera, ETA desagertzea erraztuko lukeela uste du. Lararen hitzetan, Sortuk legea betetzen badu, hauteskundeetan egon beharko luke, "inolako arazorik gabe". "Kontuz ideiak legez kanpo uztearekin, zeren eta herrialde honetan biolentzia gaitzesten ez duen jendea legez kanpo uzten badugu, Irakeko biolentzia ere hor dago. Ideiak legez kanpo uztea oso arriskutsua da", azpimarratu du Larak.