eae

Odon Elorzak PPrekin mozteko eskatu dio Patxi Lopezi

PSEko diputatuaren ustez, "etikagatik eta sinesgarritasun demokratikoagatik" Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratu egin beharko lirateke. EAJrekin "harremanak normalizatu" beharko lituzketela esan du.

2012ko apirilaren 28a
13:38
Entzun

Odon Elorza PSE-EEko diputatuak bere alderdiari Eusko Legebiltzarrean PPrekin duen ituna "premia handiz" hausteko eskatu dio, akordioak "dagoeneko ez duelako inolako zentzurik". Patxi Lopez PSEko idazkari nagusiak PPren botoei esker lortu zuen Jaurlaritzako lehendakari izatea 2009an, baina Elorzak dio ituna haustearen ondorioz ez litzatekeela derrigorrean legealdia amaitutzat eman beharko.

Dena dela, PSEko diputatuak aitortu du "etikagatik eta sinesgarritasun demokratikoagatik" hauteskundeak aurreratu egin beharko lituzkeela Lopezek, baldin eta legebiltzarreko gehiengoak hala eskatuko balio.

PPren aldetik "irainak" jaso dituztela salatu du Elorzak, "ahoa ez zabaltzeko mehatxuak" ere jasotzen dituztela dio, eta uste du horregatik moztu beharko lukeela PSEk harremana popularrekin, "formalki" hautsi ere. Krisiari aurre egiteko orduan bi alderdiek "alde handiak" dituztela gogoratu du, bidenabar.

EAEko aurreko bozak 2009ko martxoaren 1ean egin zituzten, eta EAJk irabazi zituen. 80.000 botoko aldea kendu zion bigarren alderdiari: PSEri.

Elorzaren arabera, "herri proiektu bat, bizikidetza eredu bat eta garapen eredu bat" behar dira, eta PSEk berriro EAJrekin "harremanak normalizatu" beharko lituzke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.