Bigarren egunez, Bilboko udaletxe atarian elkartu dira Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideak, migratzaileei harrera egiteko baliabide publikoak eskatzeko asmoz. Gabezia egiturazkoa dela ohartarazi dute. Txus Blanco plataformako kideak zalantzan jarri ditu egunotan agintariek egindako adierazpenak: "Koordinazio ona dagoela eta harrera zuzena egiten zaiela esan dute. Hori ez da egia. Migratzaileak kalean dabiltza noraezean, Ongi Etorri edo beste elkarteren bateko boluntarioek laguntzen diegun arte". Salatu du udalak eskaini duen zerbitzu bakarra Gurutze Gorriak erabiltzen duen 48 oheko aterpetxe bat izan dela. Lo egiteko eta gosaltzeko aukera eskaintzen diete. "Dutxatu ere ezin dira egin". Gainera, gaitzetsi du gau bitan baino ezin dutela erabili. "Bart, 38 onartu zituzten, eta 35 kanpoan utzi zituzten, 35 horiek birritan egin dutelako lo aterpetxean".
Jakin nahi du erakunde publikoek adostu duten aterpetxe horretan ere berdin jokatuko duten. "Tentuz" hartu du albistea. "Hirugarren gauean kalera botako dituzte? Euren beharrak aseko dituzte? Harrera osatua eta integrala eskainiko zaie?". Galderak egin ditu eta erantzunen zain geratu da.
Oraingoz, erakunde publikoek ez dute zehaztasunik eman. Beste 40 lagunentzako lekua izango du. Aterpetxea sortzea adostu duten bileran Gurutze Gorria, CEAR-Euskadi eta Munduko Medikuak ere egon dira, hiru erakunde publikoekin batera. Administrazio bakoitzak egingo duen ekarpen ekonomikoa jakinarazi dute. 150.000 euroren aurrekontua izango du: 100.000 Jaurlaritzak jarriko ditu; 30.000, diputazioak; eta 20.000, udalak.