Ofizialtasuna aipatu gabe, hizkuntza gutxituen aitortza

Frantziako Parlamentura eraman duten lege proposamenean, ofizialtasuna zeharka lortzea proposatzen da

Aitor Renteria.
Baiona
2010eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Frantziako diputatu talde batekhizkuntza gutxituen aldeko lege proposamen bat eztabaidatzeko eskaria egin dio Parlamentuko Presidentziari. Abenduaren 7an egindako eskarian ez da hitzez hitz aipatzen hizkuntza gutxituei estatus ofiziala ematea. Baina zeharkako bideak erabiliz eta eskumenak tokiko erakundeen esku utziz, arloz arlo ofizialtasunak aitortuko lituzkeen hainbat eskubide eta lanabes bermatzea eskatzen du. «Lege proposamenaren helburua ez da komunitate jakin bati eskubide bereziak aitortzea, haien babes publikoa antolatzeko tresna eraikitzea baizik», azaldu dute diputatuek testuaren aitzin-solasean.

Eskualdeetako hizkuntzen ikerketa taldeko presidente eta diputatu Armand Jungek aurkeztu du lege proposamena. Parlamentuan ordezkaturik dauden alderdi guztietako diputatuek izenpetu dute, baina, hala ere, talde horretan zeuden UMP alderdiko diputatu batzuek, horien artean Marc Le Furrek, ez dute izenpetu, eta bertze lege proposamen bat onduko dutela adierazi dute.

Parlamentuko presidenteak lege proposamena onartu ondoren, eztabaiden egutegian kokatzea izanen da hurrengo urratsa. Oraindik ez dago data finkorik. Hona hemen lege proposamenaren atalik garrantzitsuenak:

1. Erakunde publikoak

Lege proposamenaren lehen artikuluak dio estatuak eta lurraldeetako erakundeek eskualdeetako hizkuntzei aitortza egiten dietela, Frantziako kultur aniztasunak duen aberastasun adierazpen gisa. Estatuak zuzenean egin dezake aitortza hori, edo eskumena lurralde erakundeen esku utzi, haren eremuan hizkuntza gutxituren bat dagoelarik. Euskararen kasuan, Akitaniaren esku uztea proposatzen du, eta hark nahi ez balu, departamenduaren esku edo herri arteko erakunderen bati.

2. Hezkuntza

Hizkuntza gutxituen eremuan ikasteko eskaintza zabaltzea eta orokortzea proposatzen du. Gaur egun, haurrak euskara ikastea nahi duten gurasoek eskaria egin behar dute. Lege proposamenak oraingo irizpideak aldatzea nahi du. Botere publikoek bermatu beharko lukete euskararen irakaskuntza, eta irizpide horrekin ados ez dauden gurasoek aitzinetik jakinarazi behar dute, haurrek frantses hutsezko eskaintza ukan dezaten. Tokiko historia-geografia, ekonomia eta literatura programetan txertaturik leudeke. Hezkuntza prozesu osoan bermatu beharko litzateke euskararen presentzia, ama eskolatik unibertsitateraino. Gurasoek hezkuntza eredua hautatzeko parada lukete eskola publikoan, izan dadin murgiltze ereduan, izan dadin elebidunean.

Estatuarekin hitzarmen berezia lortu duten eskolen kasua ere -Seaska, esaterako- aipatzen du lege proposamenak. Seaskaren ikastolaren bat duten herriko etxeek beren gain hartu beharko dituzte han eskolatu diren haurren xahutzeak, adibidez klaseen ibilmoldeari dagozkionak. Herrian ikastolarik ez dagoen kasuetan, herriko etxeak bertze herri bateko ikastolan dagoen haurraren xahutzeak hartuko ditu bere gain.

Tokiko erakundeek laguntza eman diezaiekete hitzarmena duten eskola pribatuei, egoitza berriak egiteko edo arraberritze lanak burutzeko. Pedagogiari dagokionez, zentro horien eskumena izanen da hezkuntza publikoko programa eta arauetatik ateratzea. Lanbide heziketan, irakaskuntza teknikoan eta unibertsitatean ere, euskarazko eskaintza ukanen dute ikasle guztiek eta ados ez daudela jakinarazi beharko lukete, euskaraz ez ikasteko.

3. Irakasleak

Hizkuntza gutxituetan diharduten irakasleentzako titulazio bereziak plantan ezartzea eskatzen du lege proposamenak. Ez balego irakaslerik aski, kontratupeko irakasleak hartzeko baimena eman nahi die lehen mailako eskolei. Irakasle tituludunei euskara ikasteko trebakuntza eskaintzea hobesten du. Horretarako formazio zentroak egitea eskatzen du. Materialgintzari dagokionez, erakunde publiko bat sortzea hobesten du, bertan bilduko direlarik eragile guztiak. Pedagogia dokumentazio zentroekin hitzarmenak egin daitezke.

4. Hedabideak

Hizkuntzaren transmisio naturala bermatzeko helburuz, ikus entzunezko hedabideetan toki duina eginen zaie hizkuntza gutxituei. Hizkuntza gutxituetan egindako sorkuntza lanen oreka zaindu beharko da telebista eta irrati publikoetan. Hizkuntza gutxituen ikus-entzunezkoen artxibategia sortuko da.

Tokiko zerbitzuak sor daitezke telebista edo irrati publikoetan hizkuntza gutxituetan emankizunak egiteko edo programaketa osoa hizkuntza horretan egiteko. Gizarte eragileekin hitzarmenak egin daitezke zerbitzu hori bermatzeko. Beste estatu bateko ikus-entzunezkoak hartzeko hitzarmenak eginen dira. Estatuak telebista zergetan biltzen duen %10aeredu hori ordaintzeko baliatuko da.

Prentsa idatziari dagokionez, estuaren laguntzak eta zerga onurak jasotzeko eskubidea ukanen du.

5. Bizi publikoa

Funtzio publikoko langileek hizkuntza gutxituaren sustapenean parte har dezakete. Langileak hartzeko irizpideetan kontuan hartuko da hizkuntza gutxituaren ezagutza. Seinaletika arloan, zerbitzu publikoen esku dauden egoitza, errepide edo publizitate euskarrietan adierazpena elebiduna izanen da. Administrazioaren testuak elebidunak izanen dira. Bizi ekonomikoan eta sozialean erabil daitezke hizkuntza gutxituak, haurtzaindegietan zein aisialdi guneetan. Salgaien etiketak ere elebidunak izanen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.