Iruñeko autobus geltoki zaharrera bildutakoek ez dute eguraldia lagun izan, euria bota baitu manifestazioaren hasieran eta, batez ere, bukaeran. Ozen aditu dira, ordea, «Euskal Herrian euskaraz», «UPN, entzun, Nafarroa euskaldun» edota «euskara, hizkuntza ofiziala» leloak.
Manifestazioan parte hartu dute, besteak beste, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao, Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriati, Topaguneko kide Oskar Zapata, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko zuzendari Roberto Perez Elorza eta Nafarroako Legebiltzarreko zenbait parlamentari: Adolfo Araiz, Miren Aranoa eta Dabid Anaut (EH Bildu), besteren artean.
"Mugarik gabeko euskara. Ofizialtasuna!" lelodun pankartaren atzean ibili dira, gainera, hamaika eragile eta kolektibo, nor bere aldarrikapen eta lelo propioekin: gaztetxearen aldekoak; Nafarroako ikastetxe publikoetako ikasle, irakasle nahiz gurasoak; Hau Pittu Hau! Bilboko konpartsa euskalduna edota Iruñeko Arrotxapea auzoko bizilagunak, hango osasun etxean mediku eta pediatra euskaldunak jar ditzaten eskatuz.
Honako ibilbidea egin du manifestazioak: Oliveto kondea etorbidea, Vianako Printzea plaza, Nafarroa Behereko etorbidea, Merindades plaza, Karlos III.aren etorbidea eta Gazteluko plaza. Han, euskarak eta euskal hiztunek sufritzen duten «bazterketa» hizpide izan dute EHEko Azaitz Gartziak eta Maialen Pelaezek: «Euskaldunok egunero pairatzen ditugu bigarren mailako hiztun eta herritar izatearen mugak. Nahi izanez gero, euskara aukera gisa erabili ahal izango dugu, baina lehentasunezko eta derrigorrezko hizkuntza bakarrak frantsesa eta espainiera dira. Eremu funtzional guztietan, euskara mendeko hizkuntza da, bigarren mailakoa».
Egoera horri konponbidea emateko, "burujabetza" indartzeko proposamena egin dute EHEko kideek: "Burujabetza behar dugu, zer-nolako hizkuntza politika behar dugun erabakitzeko, hizkuntza eskubideak bermatzeko eta Euskal Herriaren berreuskalduntzea azkartu eta bururaino eramateko".
Katalunia gogoan
Manifestazioaren antolatzaileek aukera baliatu nahi izan dute, bestalde, Katalunian atxilotutako ordezkari politikoei babesa adierazteko. Horrez gainera, Kataluniako Plataforma per la Llingua elkarteko presidente Oscar Escuderrek manifestaziorako propio grabatutako mezu bat ere jarri dute: «Hizkuntza guztiak altxor izugarria dira, herrien kulturaren eta ondarearen isla baitira», entzun da bozgorailuetatik. Elkartasun keinuari txalo zaparrada batekin eta «Euskal Herrian euskaraz» oihuekin erantzun diote Gazteluko plazara bildutakoek.