Lehengo asteazkenean atxilotu zituzten. Besance anaiak Villabonan, eta Atristain Usurbilen. Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak Juan Carlos Besance eta Atristain espetxeratzeko agindua eman zuen astelehenean, bost eguneko inkomunikazio aldia igaro eta gero, ETAko kide izatea eta lehergaiak eta armak gordetzea leporatuta. Jesus Mari Besance larunbat goizean utzi zuten aske Madrilen, kalean.
AAMk ohartarazi du Atristainen kasuan egitate beragatik epailearen aurretik pasata dagoela lehendik ere. Hilabete batzuk preso egon ostean libre geratu zela, eta bere kontrako prozedura irekita dagoela. Juridikoki, egitate nagusi beragatik ezin dira bi prozedura ireki. Prozedura horretan elementu berriak baleude atxilotzeko agin zezaketen, baina zuzenean epailearen aurrera eraman behar zuten legez. Izan ere, Atristain Miarritzeko aireportuan aurkeztu zen poliziaren aurrean duela hilabete batzuk. Atxilotu egin zuten, eta Espainiaratu. Epailearen aurrean deklaratu zuen eta akusazio guztiak ukatu zituen. Orain berriro atxilotu eta bost egunez inkomunikatuta eduki dute. «Epailearen aurrean egon den bi aldietan dena ukatu du, baina Guardia Zibilaren esku egon den denboran bere buruaren aurkako deklarazioak egin ditu, ofiziozko abokatuak ere onartu ez duen deklarazio polizialekin».
Atristainek mehatxuak ere salatu ditu. «Neska-lagunarekin mehatxu egin zioten. Besteak beste bala bat ukiarazi zioten, eta bala hori bere neska inplikatzeko erabiliko zutela adierazi zioten».
Juan Carlos Besancek ere tratu gogorra salatu du. Poltsa gutxienez 12 aldiz egin diotela salatu du, besteak beste. Familiaren aurkako mehatxuak ere salatu ditu. «Galdeketetan ahots pilo bat entzuten zituen oihuak, familiarekin etengabeko mehatxuak, anaiarekin eta ilobarekin etengabeko mehatxuak. Berak argi du bere anaia berari mehatxu egiteko helburuarekin atxilotu zutela. Argi du hasieratik bazekitela ez zuela ezer. Halere, hor izan zuten hiru egunez, presio bide gisa».
AAMk uste du errepresioaren bitartez, Euskal Herrian abian den prozesu politikoa baldintzatu nahi dutela, «amildegira eraman». Halaber, uste du herritarren presioak, erakunde eta eragileen lanak soilik ekarriko duela errepresioa gelditzea, eta bide horretan indarrak areagotzera deitu du.
TATek ere ildo beretik egin du. «Inkomunikazioa da tortura ahalbidetzen duen sistema, eta hori bukatu behar dugu, torturatzaileek duten zigorgabetasuna amaitu nahi badugu». Torturaren aurka udazkenean egingo den ekimen erraldoian parte hartzera deitu du.
Tortura testigantzak
Testigantza gogorrak eman dituzte atxilotuek. Hemen, hitzez hitz, AAMk kontatu bezala:XABIER ATRISTAIN
«Autoan poltsa jarri zioten buruan, oso estu, arnasarik gabe utziz ia itotzeraino. Bi aldiz galdu zuen konortea Madrilera bidean. Argi du guardia zibilek asko kontrolatzen zutela noiz arte eduki poltsa buruan, noiz galduko zuen konortea, eta abar. Madrilera iritsi bezain laster hasi ziren galdeketa luzeak, guardia zibil askoren parte-hartzearekin, abokaturik gabe, erabat legez kanpokoak. Poltsa askotan jarri zioten buruan, estutuz, arnasarik gabe uzteraino. Bi aldiz botaka egin zuen, ez zuen ezer botatzeko, eta behazuna botatzen zuen. Goma aparrarekin biltzen zuten, izerditan blai zegoela buruan poltsa jartzen zioten. Ondoren ur hotza botatzen zioten sekulako kontrastea eraginez. Bi aldiz takikardiak izan zituen, eta botika eman zioten, lasaigarriak edo. (...) Buruan zerbait beroa eman ziotela nabaritu zuen. Orain azala joana du buruko zati batean. Bost egunez ez du lorik egin, ezta jan ere».
JESUS MARI BESANCE
«Larunbatean geratu zen libre. Madrilera bidean mehatxuak, kolpeak eta galdeketak jasan zituen, eta Madrilen lasaitu zuten haren aurkako jarrera. Ziegako atea irekita uzten zuten, eta beste bi atxilotuen oihuak eta torturak entzuten zituen».
JUAN CARLOS BESANCE
«Autoan zihoala buruan poltsa jarri zioten, arnasarik gabe utziz, ia itotzeraino. Hiru aldiz errepikatu zioten poltsarena, eta autoan zihoala bi aldiz galdu zuen konortea. Gainean salto egiten zioten guardia zibilek, eta oihuak eta mehatxuak etengabeak ziren. Bost egunez begiak antifaz batekin itxiak izan ditu, eta denboraren nozioa erabat galdua zuen. Egunero bi edo hiru galdeketa egin zizkioten abokaturik gabe. Gerritik behera biluzten zuten, eta flexioak egitera behartzen zuten, bitartean sabelean ostikoz jotzen zuten. Manta batekin biltzen zuten, zinta batekin lotu, eta eskuak goma aparrarekin lotzen zizkioten, buruan poltsa jartzen zioten arnasarik gabe utziz, eta barrabiletan ostikoak ematen zizkioten, kolpatu egiten zuten gorputzean, izerditan blai uzten zutelarik. Izerditan blai zegoela hozkailua deitzen zioten gela batera eramaten zuten, non sekulako hotza egiten zuen. Dardarka hasten zen, ez zuen ezer ikusten, baina sekulako hotza sentitzen zuen. Gutxienez hamabi aldiz jarri zioten poltsa buruan, asko estutzen zioten, arnasarik gabe utziz. Madrilen beste behin galdu zuen konortea. Esprai moduko bat bota zioten buruan eta eskuetan, ilea gogortzen zitzaiola nabaritu zuen baina hortik aparte beste ezer berezirik ez zuen sentitu.(...). Ez zuen arazorik begietan. Orain malkoak erortzen zaizkio eta ez du ondo ikusten».