Krisi ekonomikoa Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunetara ere iritsi da. Aurtengo urtarriletik uztailera bitarte %0,8 besterik ez dira igo ogasunek zerga bidez lortutako diru sarrerak, eta, dirudienez, datozen hilabeteetan gutxitu egingo da sarreren zenbatekoa.
Jaitsiera handiena izan dutenak etxebizitzaren erosketarekin lotutako zergak izan dira. Hala, Ondare Eskualdaketen gaineko Zergarengatik jasotako diru kopuruak %48,6 egin du behera. Bigarren eskuko etxeak zergapetzen ditu horrek. Egintza juridikoen gaineko Zergarengatik %10,8 jaso dute, etxebizitza gutxiago salduta, paper gutxiago egin behar delako. Bi zerga horien beherakada izan da ogasunen diru sarrerak jaistearen arduradun nagusia. Orotara, zerga horiekin Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek 121.668 milioi euro gutxiago jaso dituzte aurtengo urtarrila eta uztaila bitartean, lehengo urteko epe berarekin alderatuta. Salmentak jaitsi arren, azken urteotan egindako etxebizitza mordoa dela eta, horien jabetzengatiko zergengatik diru gehiago bildu dute ogasunek uztaila bitartean; 175.402 milioi euro guztira, aurreko urtean baino %41 gehiago.
Lan etekinengatik bildutako zuzeneko zergek itxuratu dituzte uztailera arteko diru sarrerak. Adituen arabera, ordea, langabeziak gora egin dezake hurrengo hilabeteetan, eta, horrekin, zergen bidez jasotako kopuruak behera. Kontsumoak ere behera egingo duen ustea zabaltzen ari da, eta horrek ere sarrerak gutxituko lituzke, BEZaren bidez lortutakoa bereziki.
Sarrerak %3,7 igotzea aurreikusi zuten iaz hiru aldundiek eta Jaurlaritzak, baina urrian egingo duten hurrengo bileran baliteke zifra hori negatibo ere bihurtzea.
Ogasunek aurreikuspen txarrak dituzte 2008rako
Uztailera bitarte, %0,8 bakarrik egin dute gora zerga bidezko sarrerek, eta behera egingo dutela dirudi hurrengo hiletan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu