Ogibidez ere, familia

Gipuzkoan, haurrei harrera egiteko familia profesionalen sarean hamabi sendi daude egun. Bina umeri harrera egiteko prest egon behar dute, eta ia beti dira aparteko beharrak dituzten neska-mutilak. Edo nerabeak.

arantxa iraola
2014ko apirilaren 17a
11:12
Entzun

Jatorrizko familiekin eguneroko bizimodua egin ezin duten haurrei babesa emateko programetan eta egitasmoetan urteak egin zituen lanean Amagoia Aizpuruak (Urrestilla, Azpeitia, Gipuzkoa 1980). Umeak hartzeko etxebizitza batean egin zuen bolada bat. «Baina zortzi ordu egiten dituzu, eta joan egiten zara», oroitu du. «Pentsatzen nuen: Gabonak iritsi, eta nire etxean nengoela, edo Urtezaharrean, edo iluntzean...». Haur horiei arreta osoagoa eskaintzeko gogo bizia zuen, eta horretarako modua izan zuen 2007an Gipuzkoako Diputazioak harrera familia profesionalizatuekin—soldata bat jasotzen dute umeak hartzeagatik— programa bat abiatzea erabaki zuenean. Lau adingabe ditu egun etxean: harreran bi —5 urterekin hartutako haur bat, orain 12 dituena, eta 12 urterekin hartutako bat, orain 15ekoa—, eta bi ume biologiko: 2 urtekoa bat, eta 3 hilabetekoa hurrena. Huraxe magalean hartuta erantzun ditu BERRIAren galderak.

«Familia bat» direla argi du. Bikotean bizi da. Etxetik aparteko lana du bikotekideak, baina haren atxikimendua ere zinez garrantzitsua dela nabarmendu du. «Lanetik etortzen denean, hark denentzat betetzen du aitaren egitekoa». Tankera horretako hamabi familia daude egun Gipuzkoan. Aizpurua aurrenetarikoa izan zen: «Aitzindaria izan nintzen alorrean». Programan murgiltzeko ezinbestekoa da eskabidea egiten dutenek umeen zaintzarekin eta heziketarekin lotutako goi mailako ikasketak izatea. «Pedagogia, psikologia, irakasle ikasketak...», adibideak jarri ditu Aizpuruak. Derrigorrezkoa da, halaber, «haurren babesaren» alorrarekin lotutako jardunbideetan ibilitakoak izatea lehendik.

Eta, gainera, arreta osoz aztertu ohi da familia bakoitzaren egoera; izaera, pentsaera, egoera psikologikoa... Izan ere, ardura handia hartzera doaz denak. Harrera familia boluntarioek —diru laguntza bat jasotzen dute, baina ez inolako soldatarik— ezin izaten diete erantzun babesik gabe dauden hainbat neska-mutilen premia bereziei, eta, hain justu, haur horientzat pentsatuta daude, bereziki, harrera familia profesionalizatuak. «Baita 13 urtetik gorakoentzat ere. Harrera familia boluntarioek ume txikiagoak nahi izaten dituzte normalean», ohartarazi du Aizpuruak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak kontratatutako enpresa baten bidez dago antolatuta familia profesionalizatuen programa, eta harrera familiak etengabeko harremanetan daude bertako aditu eta profesionalekin. Erlazio estua dute beraien artean ere. «Astean behin, profesional guztiak elkartzen gara», azaldu du Aizpuruak. Zinez lagungarria dela dio: «Izan ere, jarduera honek emozionalki inplikazio handia eskatzen du, eta gauzak distantzia pixka batekin ikusteak lagundu egiten digu». Familiek, umeak hezi eta hezteaz gain, egiten duten jardunaren berri eman behar izaten dute; umeen eboluzio egokirako helburuak jarri, eta horiek betetzen ahalegintzen dira. Neska-mutilen familia biologikoarekiko harremanak koordinatu eta betetzeaz ere arduratzen dira.

Esperientzia aski luzea du Aizpuruak programaren martxan, eta ez du hartzen dituzten neska-mutikoen ezaugarriez orokorrean hitz egin nahi. «Ezin da umeen soslai bat eman», ohartarazi du. Argi du, ordea, «ezaugarri komunak» usu azaltzen direla. Bi adibide jarri ditu: «Bazterrera utziak izateko kezka, eta ingurukoekiko atxikitasuna lortzeko zailtasunak». Bizipen arras zailetatik etorri ohi dira askotan, eta aintzat hartu behar da hori. «Bizkar zorro handiarekin datoz». Etxean bertan ikusi du zama hori zeinen astuna den zenbaitetan. Teilatupean dituen bi nerabeak ditu gogoan: «Etorri ziren behar handiekin». Umeetako bat instituzio batetik etorri zen; bestea, familia girotik. Bietan eboluzio «handia» ikusi du igaro urteotan —« egun, normalizatutako umeak dira»—, eta indarra ematen dio horrek.

18 urte betetzen dituzten arte

Neska-mutilek 18 urte betetzen dituztenean bukatzen da, berez, programa. «Eska daiteke, nahi izanez gero luzapena: 19 urte eta erdi dituzten arte», azaldu du Aizpuruak. Hortik aurrera, gazteek erabaki dezakete zer egin; familia biologikora buelta daitezke, edo beste eraren batera antolatu bizitza. Harrera familiak ezingo du, ordea, era antolatu eta egituratuan ordura arteko arretarik ematen jarraitu. Aro berrirako gazteek diru laguntzak izaten dituztela azaldu du Aizpuruak. Baina aitortu du egoera ez dela samurra: «Beldur handia sortzen die». Familia moduan ere, zaila dela dio, artegagarria. «Eskatzen du autonomia handiagoarekin heztea nerabe horiek». Inguruko gazte gehienei baino lehenago etorriko baitzaie helduaroa. Ate-joka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.