Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko bidean bestelako gizontasun eredu batzuk sortu behar dira, ohiko eredutik alde egiten dutenak. Horretan lan egiteko beharra berretsi du Carlos Lomas DBHko katedradun eta berdintasunean aditua denak (Gijon, Espainia, 1956) Bilbon, Genero Berdintasuna Eraikitzen jardunaldietan, gizarte «demokratikoago» bat lortzeko.
Zergatik da beharrezkoa beste gizontasun eredu bat lortzea?
Ohiko maskulinitateak mota guztietako bidegabekeriak egin ditu historian. Patriarkatuak emakumeak eta gizon batzuk zapaltzea ekarri du, eta gizartean zein ekonomian dauden ezberdintasun guztiak. Gure gizontasuna beste modu batean osatu behar dugula pentsatu behar dugu.
Lor al daiteke hori?
Aldaketa ez da berez gertatuko. Ohiko gizontasun eredua aldatu behar dela uste duten gizonen kopurua hazten denean izango da posible. Ohiko gizontasun eredua zama bat da gizonentzat, eta bidegabea emakumeentzat. Ohiko ereduaren arabera, gizonak gizon izan behar du, baina ez gizatiarra.
Zenbat denbora beharko da aldaketa hori ikusteko?
Ez da egun batetik bestera egiten. Sentitzen dut, baina mendeetako bilakaera bati buruz ari gara. Gizarte demokratikoetan gertuago egon daiteke, baina urrun dago.
Zergatik?
Emakumeen aldaketak nahiko azkar gertatu dira azken hamarkadetan. Ukatzen zizkieten eskubideez jabetu dira feminismoari esker; horrek ahalbidetu du eskubide horiek lortzeko borroka. Gizonok, ordea, berdintasuna lortuko balitz pribilegioak galduko genituzkeela pentsatzen dugu. Dena den, ikusi behar dugu berdintasunarekin asko dugula irabazteko.
Zer, adibidez?
Emakumeen arduratzat jo eta gizonek gutxietsi duten esparruaren garrantzia ikusiko genuke: seme-alaben zaintza, esparru afektiboa...
Historian gutxietsi den horri nola eman dakioke garrantzia?
Ez dago balio maskulino edo femeninorik. Gizonak ulertu behar du giza balioak bilatu behar dituela. Justizia eta demokrazia hertsiki lotuta daude berdintasunarekin, eta gizonen eta emakumeen arteko harremana berdintasunean gertatzen ez den arte ez da demokraziarik izango.
Hortaz, aldaketarako, pribilegioei uko egin beharko die gizonak.
Pribilegio guztiak bukatu behar dira. Aldaketak egon diren arren, gizonen esku dago lema. Matxismoa ez dago ondo ikusita gizartean, eta horregatik gertatu dira aldaketa horiek. Baina lema gizonena da oraindik.
Belaunaldiekin aurreratuko al da berdintasunean?
Ez naiz baikor-baikorra, gaur egungo belaunaldiek berdintasuna arnasten duten arren. Gaur egun emakume ministroak daude, lan munduan tokia dute… Dena den, mutiletan gertatzen den aldaketa oso mantsoa da; benetako gizon izateko erasokorrak izan behar dutela jasotzen dute oraindik, eta emakumeak nagusikeriaz ikusi behar dituztela.
Nola alda daiteke hori? Nola sustatu beste gizontasun eredu batzuk?
Berdintasunak eremu pribatuan eta publikoan egon behar du, baina politika publikoen bidez pertsona askorengana hel gaitezke. Beste gizontasun eredu bat sustatzen duten politikak behar dira. Berdintasuna sustatzeko heziketa emakumeen eskubideetan oinarrituta egon da, baina beste gizontasun ereduak ere azaleratu behar dira.
Hezkuntzak eta hedabideek izan behar duten ardura asko aipatu da. Horrenbesteko garrantzia al dute?
Familiaren garrantzia handia da, baita bi alor horiena ere. Batek ez du erabakitzen zein familiatan jaiotzen den, eta eremu horretan zaila da ezer egitea. Dena den, hezkuntza eta hedabideak instituzioak dira, eta arautu daitezke, eta arautu behar dira.
Zer hobetu daiteke eskolan?
Zeharkako neurriek heldu behar dute bertara. Historian, Frantziako Iraultza aipatzen da, baina ez da esaten gizonen eskubideak baino ez zirela lortu, eta Olympe de Gougesi lepoa moztu ziotela emakumearen botoa eskatzeagatik. Kimika azaltzen da, baina Marie Curie ez dute aipatzen.
Eta hedabideetan?
Egungo publizitatea, duela hiru hamarkadetakoarekin alderatuta, hobetu da, baina estereotipoak ematen jarraitzen dute. Etengabeko irudi horiek esaten digute nolakoak izan behar duten gizonek eta emakumeek.
Carlos Lomas. Berdintasunean aditua
«Ohiko gizontasun eredua zama bat da gizonentzat, eta bidegabea emakumeentzat»
Hezkuntzan beste maskulinitate eredu batzuk irakatsi beharko liratekeela azaldu du Lomasek, eta berdintasuna lortzeko bidean gizonak berreskura ditzakeen balioen garrantzia nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu