Gasteizko adingabeen zentro batean sartu dute igande goizaldean atxilotutako 16 urteko gaztea. Oiartzungo Itzela dantzalekuaren inguruan (Gipuzkoa) izandako heriotzarekin zerikusia zuelakoan atxilotu zuten. 17 urteko beste gazte bat ere inputatu dute, ustez gertaerarekin lotura izateagatik. Baina aske utzi du epaileak. Ezbeharrean, 38 urteko gizon bat hil zen, auto batek harrapatuta.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak emandako datuen arabera, 04:30 inguruan izan zen harrapaketa, N-1 errepidean, Oiartzun inguruan. Aldez aurretik, lekuko batzuek ertzainei azaldutakoaren arabera, hildako gizonak liskarra izan zuen gazte talde batekin Itzala dantzalekuan. Irtetean, aparkaleku inguruan dagoen lau metroko pendoitz batetik,bota zuten gazteek gizona. Gasteizerako bidean zihoan auto batek gizona harrapatu zuen.
Lekuko batzuek larrialdi zerbitzuetara deitu zuten, eta berehala bertaratu ziren. Haatik, ezin izan zuten ezer egin gizona suspertzeko. Ordurako hilda zegoen.
Hasiera batean, Herrizaingo Sailak harrapaketaren berri eman zuen bakarrik. Dena den, gertatutakoa argitze aldera, ertzainek ingurua itxi, eta dantzalekua hustu zuten. Orduan, 16 urteko gaztea atxilotu zuten, ustez liskarrarekin zerikusia izateagatik.17 urteko beste gazteari ere deklarazioa hartu zioten. Ertzaintzak ez du baztertzen atxiloketa gehiago izatea, lekukoen arabera jende gehiagok hartu baitzuen parte liskarrean.
Orain gutxi, Lekunberrin
Azkenaldian dantzaleku baten inguruan gertatu den bigarren heriotza da herenegungoa. Izan ere, orain aste batzuk Asier Lavandera gazte donostiarra hil zuten labankadaz Lekunberriko (Nafarroa) Mao Mao Beach dantzalekuaren kanpoaldean. Hilketarekin zerikusia izatea lotuta lau gazte atxilotu zituzten, eta epaileak haietako bat espetxeratu zuen.
Oiartzungo heriotzagatik atxilo zegoen gaztea zentro batean da
Liskar baten ondoren, 38 urteko gizonezko bat hil da auto batek harrapatuta, Itzela dantzatokiaren kanpoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu