Oiartzungo Udalak (Gipuzkoa) jakinarazi du Arragua auzoko Alhambra taberna itxi dutela, hango langile batek positibo eman duelako. Udalak Jaurlaritzako Osasun Sailari eman dio kutsatzearen berri. Azterketaren ostean, baieztatu dute familiarteko kutsatze bat izan dela.
Osasun Sailak jarraipena egin die kutsatutakoen kontaktuei, eta guztiek negatibo eman dute PCR proban, baita familia horretakoak ez diren tabernako langileek ere. Positibo emandakoek konfinatuta egon beharko dute. Bien bitartean, taberna itxita egongo da.
Kasuaren inguruan zabaldutako mezuak direla eta, udalak lasaitasun mezua helarazi nahi izan die herritarrei, prentsa ohar baten bitartez. Prebentzio neurriak hartu eta elkar zaindu beharra nabarmendu dute udalekoek.