Erabakitzeko eskubidea

Oihalezko hautetsontzi erraldoiak eraikiko ditu Gure Esku Dago-k ekainaren 21ean

Iruñean, Bilbon, Donostian eta Gasteizen egingo dituzte ekitaldiak, “etorkizuna gure eskuetan hartzeko eskubidea” irudikatzeko. Oihal zatiek bat egingo dute herriz herri, eta, azkenik, herrialdeka, ekainaren 21ean hautetsontzi erraldoiak eraikiko dituzte. 

Gure Esku Dagok Iruñean aurkeztu du ekaineko ekimena. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
Ander Perez Argote
2015eko martxoaren 28a
15:44
Entzun

Erabakitzeko eskubidearen alde, hainbat ekitaldi egingo ditu Gure Esku Dago mugimenduak ekainaren 21ean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Iruñean egindako aurkezpenean Mirentxu Purroyk eta Angel Oiarbidek azaldu dutenez, “erabakitzeko eskubidea posible egin nahi duten identitate eta borondateekin ehundutako hautetsontzi erraldoiak” eraikitzea izango da ekinaldi horien helburua. Horretarako, “erabakitzeko eskubidearekin bat egiten duen herritar orori” oihal zatiak banatuko zaizkio hurrengo asteetan, horietan norberak bere “borondatea, asmoak, esperantzak eta ametsak" jar ditzan. Oihal zati horiek bat egingo dute herriz herri, eta, azkenik, herrialdeka, ekainaren 21ean hautetsontzi erraldoiak eraikiko dituzte. Ekinaldi horren bitartez, “erabakitzeko erabakia zilegi egingo duten nahikoa borondate batu” nahi dituzte.

Ekainaren 21ean, era horretan, egun osoko egitaraua antolatuko du Gure Esku Dago-k Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan —Ziburun (Lapurdi), batzar irekia eginen dute apirilaren 3an, Ipar Euskal Herrian ekinaldia nola gauzatu zehazteko—. 12:00etan oihal kateak egingo dituzte lau hirietan, eta “urte osoan borondatez betetako” oihalak batu. Arratsaldean, 17:30ean, hautetsontziak eraikitzeko ekitaldi nagusiak egingo dituzte hiriburuetako eremu handietan. Aurreratu dutenez, Iruñeko zezen plazan egingo da Nafarroakoa, “emanaldi artistiko askotako egunari” amaiera jarriz.

Iruñeko aurkezpenean nabarmendu dutenez, “oso sinplea” da Gure Esku Dago mugimenduaren bide orria: “ehundu, adostu, erabaki. Borondateak eta identitateak ehundu; horien artean zer, nola eta noiz adostu, eta, azkenik, erabakitzeko eskubidea gauzatu”. Hala, ekainaren 21eko ekinaldiak bide horretan izango duen garrantzia azpimarratu dute: “gaur hautetsontzia da; bihar, erabakia”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.