Udalak egindako deiarekin bat eginik, ehunka herritar bildu dira Mungiako plazan, Andina Pereiraren hilketa salatzeko. Erakundeetako ordezkari ugari elkartu dira —Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria...—, eta alderdi politikoetakoak ere bai —Diana Urrea EH Bilduko legebiltzarkidea, Idoia Bilbao PSE-EEko bozeramailea, Nerea Llanos PPko idazkari nagusia...—.
Elkarretaratze isila izatekoa zen, baina ez da hala izan. Pereiraren lagunak ere joan dira: Brasilgo ereserkia abestu dute —sortzez hangoa zen—, eta kantuak eta otoitzak ere egin dituzte. Mina azaleratu dute. 19:00etarako deitua zegoen protesta, baina aurretik bildua zen jendea. Brasildar talde batek justizia eskatzen duen kartel bat jarri du plazan.
Ordu laurdeneko protesta izan da, eta txaloekin amaitu dute. Brasildar taldeak, hala ere, manifestazio bat hasi du elkarretaratzearen amaieran.
Iragarri dute egun batzuk barru Pereiraren neba bat etorriko dela Euskal Herrira, umeen kargu egitera. Bi haur zituen hildako andreak; Bizkaiko Diputazioaren esku daude oraingoz.
Bikotekide ohia, kartzelan
Epailearen aurrera goizean eraman dute Andina Pereiraren bikotekide ohia, ustezko hiltzailea. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek baieztatu dute 14:30 aldera eraman dutela kartzelara, Basaurira (Bizkaia). Bikotekidea hiltzea leporatu diote.
Gizonak aurrekariak ditu genero indarkeriagatik. Ez zuen Pereirak salatu. Aurrez beste andrazko batekin izan zuen harremana, eta ordukoak du aurrekariak. Lau aldiz inputatua zegoen.
Auzian herri akusazio gisa aurkezteko asmoa du Mungiako Udalak. Goizean ezohiko bilkura egin dute, eta adierazpen bat onartu. Pereiraren hilketa "bortxazkoa eta injustua" izan dela salatu dute. "Udalak ez du toleratuko emakumeen eskubideei kalte egiten dien edo horiek bortxatzen dituen indarkeria matxistaren inolako adierazpiderik". Horiei aurre egiteko "irmotasuna" eskatu dute.
Doluaren adierazle, plazan dagoen M letradun ikurra morez estalita dago, eta hala egongo da hurrengo egunetan.