«Ez dugu atzera egingo. Geldiezinak gara. Zuen indarkeriek erantzuna jasoko dute!». Andre Maria Zuriaren plazan hasitako oihua ozen zabaldu zen bazter guztietatik. Feministok Prest plataformak deitutako manifestazioak 12.000 pertsona inguru bildu zituen Gasteizko bihotzean, antolatzaileek emandako datuen arabera. «Gora borroka feminista» oihukatzeko bat egin zuten 12.000 ahotsek. Tonu, tinbre eta kolore askotako ahotsak, lelo bera zabalduz: 11 eraso, 12 erantzun.
Indarkeria matxisten aurkako manifestazioak lepo bete zuen Andre Maria Zuriaren plaza. «Egun historiko bat» izango zela iragarri zuen Euskal Herriko mugimendu feministak manifestazioaren aurreko astean, eta aurreikuspenak bete-betean gauzatu ziren. Euskal Herriko bazter guztietatik heldutako jendea bildu zen, baita beste hamaika txokotatik etorritakoak ere. Besteak beste, Madrildik eta Bartzelonatik autobusak heldu ziren, eta Asturiasko banderaren bat edo beste ere ikusi zen manifestazioan.
Natalie Van Puten hilketari egindako erreferentziak etengabekoak izan ziren egun osoan —asteon hil dute Bidarten (Lapurdi)—. Ekitaldi nagusian ekarri zuten gogora. «Zenbat gehiago zenbatu beharko ditugu? Ez gara hiltzen, hiltzen gaituzte», salatu zuen Gladys Giraldo Feministok Prest plataformako kideak. «Ez dira kasu bakanak, eta ez dira burua galdu duten gizonezkoak: indarkeria matxista da». Bidarteko hilketa gogorarazten zuten afixak ere baziren manifestazioan.
Van Putek indarkeria matxistarik «bortitzena» pairatu zuela gaineratu zuen Marina Sagastizabal plataformako kideak. Ordea, zehaztu zuen hori ez dela indarkeria matxista bakarra. 11 eraso, 12 erantzun lelopean atzoko manifestazioak indarkeria horiek guztiak plazarazteko helburua zuen, baita horien gaineko hausnarketa hastekoa ere. Ibilbidean indarkeria horietako hainbat islatu zituzten antolatzaileek.
Horien artean manifestazioan egoterik izan ez zuten emakumezkoek lehentasunezko lekua izan zuten. Batetik, errefuxiatutako emakumeak izan zituzten gogoan, Europako Batasuna hiltzaile, SOS emakume errefuxiatuak lelodun pankartarekin. Bestalde, espetxeetan dauden Euskal Herriko emakume presoak ere presente izan ziren Gasteizko kaleetan, kartelen bitartez. «Kartzelaren egitura patriarkalaren biolentzia gordinari aurre egiten diote», nabarmendu zuen Aitziber Perez de Karkamok. «Zigor bakoitza jasotzen dute, gainera: zigor penala, eta jendartearen zigor morala».
Sistema heteropatriarkalak emakumeari ezarritako moldea gogora ekarri zuten ekitaldian: «Maitasun eredu toxikoen morroi; heterosexuala; sexu objektua, gorputz desiragarriekin; hierarkikoki gizonen osagarria; derrigorrezko ama eta zaintzaile: emazte finak...». Indarkeria matxistak molde horretatik ateratzen direnen aurka jotzen duela salatu zuten, eta horiei aurre egiteko zilegitasuna aldarrikatu. «Bizi nahi dugu, gure bizitzen protagonista izan nahi dugu; horregatik defendatuko gara, eta erantzungo dugu», ohartarazi zuen Sagastizabalek.
Ekitaldiko mezuak, aldarrikapenak, sutsuki txalotu zituzten plazan bildutako 12.000 pertsonek. «Instituzioak, agente politiko zein sozialak, Euskal Herriko jendartea osatzen dugun pertsona oro norabide berean bultzatu behar dugu», eskatu zuen Sagastizabalek.
Pertsona ezberdinen arteko elkarlanaren adibidea izan zen atzoko manifestazioa. Halaber, elkarlan horren adibide txikiagoak ikusteko aukera ere egon zen: Gasteizen te topaketan indarkerien gainean hausnartu zuten emakumezkoen txirikordekin apaindutako pankartak, Gora Gasteiz ekinbidean oihal koloretsuekin jositako beste kartel bat, eskubide sozialen aldekoak...
Kalea eta gaua
«Beldurra izan da gure eguneroko ogia; gure bizitza kontrolatzeko beldurrean hezi gaituzte», nabarmendu zuen Sagastizabalek. «Espazio publikoetatik kanpo nahi gaituzte gaua heldu baino lehen», gaineratu zuen Giraldok. Mugimendu feministaren salaketa hori etengabekoa izan zen Gasteizko kaleetan. Atzoko eguneko ekitaldia horren isla izatea bilatu zuten antolatzaileek.
Goizetik iluntzera arte hamaika ekintza egin zituzten kaleetan. 11:30ean zumba-reggaeton saioarekin hasi zuten eguna dozenaka emakumek, Foru plazan. Horrez gain, indarkeria matxistak salatzeko kaleko arte eskaintza zabala izan zen atzokoan. Besteak beste, Elina Chauvet artistaren Zapatos Rojos(Zapata gorriak) instalazioa egon zen ikusgai Katedral Berriaren aurrean. 2009an Ciudad Juarezen (Mexiko) inauguratu zuen artelana, emakumeen aurkako indarkeria eta justiziaren gaineko hausnarketa gisa. Orduan, 66 zapata gorri ziren, bikoteka kokatuta, falta ziren 33 emakumeren manifestazioa irudikatzeko. Gasteizen, 66 zapata baino gehiago izan ziren.
Aldarrikapen eta hausnarketaz gain, aisialdirako parada egon zen egun osoan: bazkaria eta bazkalosteko ikuskizunak Landatxo kiroldegian; iluntzean, Gasteizko Gaztetxean hasitako kontzertuak... Musika isildu zenean ere, «gora borroka feminista» oihuaren eta danborren burrunbaren oihartzun geldiezinak jarraitu zuen, kalez kale.