Oihua zeraman isiltasuna

Bere sorterrian eta isiltasunean jaso du Arkaitz Bellon euskal presoaren gorpuak senide, lagun eta herritarren azken agurra. Milaka pertsona elkartu dira Elorrion sakabanaketaren amaiera eskatzeko. [Berriatb]http://www.berria.info/berriatb/2042/[/Berriatb]

Iñigo Astiz - Elorrio
2014ko otsailaren 9a
08:23
Entzun

Asko esaten zuen atzo isiltasunak Elorrion (Bizkaia). Familiak hala eskatuta, isilik hartu zuten herritarrek Arkaitz Bellon euskal presoaren gorpua Puerto I espetxetik mila kilometro baino gehiago egin ostean Iurretan egindako lehen harreran (Bizkaia). Isilik egin zuen bidea auto karabanak gero gaztearen sorterriraino. Eta isilik hartu eta agurtu zuten hilotza herrian ere. Dantzarik gabe. Kantarik gabe. Sorozabalen martxaren doinua baino ez bozgorailuetan. Negarrez senideak, eta negarrez herritar asko ere. Lantururik gabe. Xingola beltzak zituzten ikurrina artean sartu zen Bellon Arriola Kultur Etxean prestatutako hil kaperara. Jendea ukabilak gora. Isilik. Eta xingola beltzak zituzten ikurrin artean atera zen bertatik. Isilik. Irrintziren bat, eta oihu gutxi batzuk baino ez amaieran. Ozenak: "Gora Pantxi"; "Herriak ez du barkatuko"; "Pantxi, gudari, agur eta ohore". Txaloak gero. Erabat isilik gainerakoan. Bellonen hilotzarekiko errespetuz. Donostian kale eraso batzuk egin izana leporatuta, kartzelan hamahiru urte eginak zituen, eta maiatzean zen libre ateratzekoa.

Minetik beste zuen salaketatik atzoko isiltasunak. Bellonen aurpegia ageri zuten pankartaz eta sakabanaketaren aurkako kartel eta pintadaz beteta zeuden kaleak goizerako. Ikurrinak edonon, xingola beltzekin guztiak, eta masta erdiko alturan herriko plazan jarritakoa. Espetxe politikaren aurkako mezuak. Baita hil kapera aurrean jarritako gaztearen erretratu pean ere. "Espetxe politika hiltzaileak beste elorriar bat kendu digu". Eguerdian heldu zen bertara gorpua, eta zain izan ziren herritarrak ilara luze eta jendetsuetan azken agurra ematera sartzeko. Ehunka pertsona batu ziren Kultur Etxetik plazara zegoen maldan. Jendetza. Isiltasunean. Gertukoenak sartu ziren lehenik kaperara, talde txikietan. Lore sortak eta larrosak zeramatzaten haietariko askok. Agur pribatua nahi zuten senideek. Kazetari eta argazkilaririk gabea. Bellonen lagunen ahotik esker oneko mezua helarazi zieten, halere, agurrera gerturatu ziren adiskide eta bizilagunei: "Familiakoak oso eskertuta daude jasotako babesarekin".

Ezker abertzaleko ordezkaritza zabala ere izan zen Elorrion. Azken agurra ematera bertatu ziren, besteak beste, Laura Mintegi EH Bilduko legebiltzarkidea, Amaia Izko, Pernando Barrena eta Hasier Arraiz Sortu alderdiko kideak eta Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari nagusia, eta bertan izan ziren Tasio Erkizia eta Joxean Agirre eta Rufi Etxeberria ere. Presoen eskubideen aldeko mugimenduetan aritutako hainbat kide ere bai. Uko egin zioten guztiek adierazpen publikoak egiteari, ordea. Errespetatu egin nahi izan zuten isiltasuna.

"Espetxe politikak hil zaitu"

Hiru ordu ingururen ostean atera zuten Bellonen gorpua kaperatik, 15:30 inguruan. Ikurrinekin jarri zen jendea errepide bazterretan. Hilotza zeraman autoak gurutzatu zuen pasilloa lehenik, senide eta lagunak atzean. Isiltasunean. Eta orduan oihu gutxi horiek, azken agurrean. Eta berriz isiltasuna. Ez luzez, ordea. Ordu gutxira abiatu zen gaztearen lagunek antolatutako manifestazioa. Espetxe politika honi ez. Sakabanaketa amaitu zuen leloa, eta milaka pertsona batu zituen. Goizez isilik esandakoa, oihuka esan zuten arratsaldean.

Gaztearen lagunek ireki zuten manifestazioa, eta aita ere izan zen pankarta eramaten. Bellonen irudia zeramaten afixak eta ikurrina bat izan ziren manifestazio buruan, eta pankarta gero, deialdiaren leloarekin. "Herriak ez du barkatuko"; "Espetxeak apurtu"; "Presoak kalera, amnistia osoa"; eta "Borroka da bide bakarra" izan ziren oihartzun ozenena izan zuten aldarrikapenetariko batzuk. Plaza gainezka zen manifestazioa hasterako, eta gainezka izan zen amaieran ere. Ilara luzea osatuz ibili zen jendea kaleetan, eta ia etengabeak izan ziren aldarrikapenak ibilbide osoan zehar. Plazan egin zuten azken ekitaldia. Bellonen jaiotza eta heriotza urteak ageri zituen pankarta baten pean irakurri zuten manifestua gaztearen adiskideek. Betirako lagun. 1978-01-20. 2014-02-05. Eta Belloni berari zuzendu zioten testua. "Espetxe politikak hil zaitu". Argia, salaketa. "Nahi dutena esango dute, baina zure heriotza ez da naturala. Mendekuzko kartzela politika ez baita naturala". Sakabanaketa politikaren amaiera eskatu zuten horregatik. "Azkena izan behar duzu".

Bellonek kartzelazainen esku jasotako jipoiak izan zituzten gogoan. Hari bisita egitera joateko egin beharreko bidaiak. Eta Alcala Mecon, Sevillan, Herrera de la Manchan eta Puerto I espetxean egindako urteak ere bai. Espetxe politika aldatzeko lanean jarraitzeko beharra azpimarratu zuten horregatik, eta Jose Maria Aranzamendi Elorrioko euskal presoa ere hartu zuten gogoan. Orain hamazazpi urte espetxean hil zen Aranzamendi ere, eta horregatik haren aipamena. Hark ere sakabanaketa jasan zuelako. Eta horrekin apurtu beharra aldarrikatu zuten. Baita horrekin apurtzeko posibilitatea ere. "Nahikoa dela esaten dugu lagunok, herritarrok eta baita Euskal Herriko biztanleen gehiengoak ere". Lepoan hartu eta Eusko gudariak abestuz amaitu zuten ekitaldia. Eta lagunek azaldu zuten berriz Bellonen sendiaren esker ona: "Babestuta sentitu dira, maitatuta". Txaloak. Eta azken hitzak ondoren: "Azkena izan dadila".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.