Politika

Oinarri demokratikoak sortzeko batzeko beharra aldarrikatu dute Ordizian

Arratsaldean euria egin duen arren giro ona nagusitu da autodeterminazioaren aldeko festa jendetsuan. Eskoziako herri jokoak, Highland Games txapelketa, izan da goizeko ekitaldi nagusia.

2010eko urriaren 16a
19:49
Entzun
"Bildu, batu eta elkartu gaitezen", horixe izan da Anjel Oiarbide autodeterminazioaren aldeko herri ekimeneko kide eta gaurko jaialdiaren antolatzaile taldekoak eguneko ekitaldi nagusian zabaldu eta azpimarratu duen mezua: erabakitze eskubidearen alde indarrak batzeko premia. Oiarbidek azpimarratu du haiek bultzatu nahi duten elkarlan hori ez dela abertzaleen artera mugatzen, baizik eta Euskal Herrian "oinarri demokratikoak" ezarri nahi dituten guztiengana. Izan ere, erabakitze eskubidea errespetatzea, horren emaitza edozein dela ere, ezinbesteko oinarria dela iritzi dio.

Jendez beteta zegoen gunean egin du hitzaldia Oiarbidek, Ordiziako (Gipuzkoa) errugbi zelaian berariaz prestatutako karpan. Aurretik, Loren Arkotxa Ondarroako (Bizkaia) alkate ohi eta Udalbitza auziko auzipetua mintzatu da. Hark ere elkarlanaren eta erabakitze eskubidearen beharra nabarmendu ditu, eta, aldi berean, Udalbiltza auzia bidegabea dela salatu eta errugabetzea eskatu du. Oreka Tx-ren musikak, dantzariek, eta joan den larunbatean ekimenari babesa agertu zioten politika, kultur eta gizarte arloko jendearen adierazpenekin egindako bideo batek osatu dute ekitaldia. Besteak beste, Karlos Garaikoetxea Jaurlaritzako lehendakari ohia, Andoni Egaña bertsolaria, Karmele Aierbe ezker abertzaleko kidea, Patxi Plazaola Beasaingo alkatea (EAJ) eta Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria mintzatu dira erabakitze eskubidearen alde bideo horretan.

Behin ekitaldia amaituta, festak aurrera segituko du Ordizian. Gauean kontzertua izango da, besteak beste, Berri Txarrak, Gose eta Red Hot Chili Pipersekin.

Nolanahi ere, Eskozia izan da eguneko protagonista nagusia. Izan ere, erabakitze eskubidearen aldeko ekimenak herrialde horrekin harremana landu du azken urteetan, hain zuzen ere, han autodeterminazio eskubidea gauzatzear direlako eta han zer ikasia badela uste dutelako.

Lehiatzera ohituta dagoen herri bat da Eskozia. Hala erakusten dute herrialde hartako herri kirolek. Ibaiak alde batetik bestera igarotzeko edo harresiak zeharkatzeko Erdi Aroan erabiltzen zituzten metodoak imitatzen dituzte; besteak beste, enborrak eta bola katedunak jaurtitzeko proben bitartez. Joanak dira ingelesen aurkako gerra garaiak, baina eskoziarrek lehian jarraitzen dute. Antzina bezala, euren nortasunari eutsi nahi diote, burujabetasunaren bidean urratsak eginez. Egun, autodeterminazio eskubidea dute erronka, eta 2012an jarrita daukate langa.

Euskal Herrian ez dira gutxi Eskoziara begiratzen dutenak, helburu bera dutenak. Horren lekuko da Nazioen Mundua herri ekimena. Idiazabalen (Gipuzkoa) sortu zuten, duela hiru urte inguru, hango herri kirol taldeak bultzatuta. Euskal Herriaren egoerak kezkatuta, indarra erabakitzeko eskubidearen inguruan biltzeko apustua egin zuten, eta beste herrialde batzuetako kirolariekin eginiko harremanen bidez, autodeterminazioren aldeko aldarria lau haizeetara zabaltzea lortu dute, Euskal Herriko eragile ugariren arreta eta babesa erakarriz.

Orain, hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea dela uste dute ekimeneko kideek, eta, eskoziarrek bezala, autodeterminazio eskubidean jarrita daukate hurrengo erronka. «Badirudi garai berri baten atarian gaudela. Testuinguru honetan, autodeterminazioa gauzatuko dugula adierazteak garrantzi handia daukala uste dugu», dio Igor Eguren Nazioen Munduko ekimeneko kideak. Hori hala, Euskal Herriaren eta Eskoziaren arteko anaitasuna irudikatzeko eta bi herrialdeen erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko, jaialdi erraldoia antolatu dute gaurko Ordizian (Gipuzkoa).

Herri kirolak eta musika dira jaialdiaren ernamuina. Goizeko 10:30ean hasi eta igandeko ordu txikitaraino iraungo du festak. Trebijano errugbi zelaian egingo dira ekitaldi guztiak, N-1 errepidearen alboan.

Kirola eta kultur transmisioa

Ekimenen artean, Eskoziako herri jokoen erakustaldia nabarmendu dute antolatzaileek. Goizeko 11:00etan hasi da hori. Lehen aldiz egin da Eskoziatik kanpo Highlands Games deituriko txapelketa. Hemeretzi probaz osatuta dago eta munduko hainbat herrialdetako pertsonek parte hartzen dute bertan, Euskal Herriko taldea barne, Basque tartan-arekin (ikurrinaren koloreak dituen eskoziar jantziarekin).

Gaurko ekimenaren bidez «zirkulu bat» itxiko dela dio Egurenek. 2008an Gipuzkoako Goierri eskualdeko talde bat Eskoziako Highland (Goierri, euskaraz) eskualdean izan zen, kirol eta folklore emankizunak emanez. Eta iaz, Highlands Games txapelketan izan ziren.

Gerry Reynolds txapelketako arduradunak azaldu duenez, Eskoziako kulturaren transmisioaren gakoetako bat izan dira herri jokoak. 1882. urtean egin ziren lehen aldiz, eta egun mundu osoko hainbat herritan osatu dituzte taldeak.

Gaita hotsak Donostian

Eskoziako ordezkari, kirolari eta musikari taldea, ehun bat lagunek osatuta, herenegun iritsi zen Euskal Herrira. Atzo, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak harrera ofiziala egin zien diputazioaren eraikinean. Europaren eraikuntzan nazioen arteko elkar ezagutzak duen garrantzia nabarmendu zuen.

Kirolari eta musikariekin batera SNP Eskoziako Alderdi Nazionalistako hautetsi batek hartu zuen parte. Hizkuntzak nazioen oinarri direla adierazi zuen.

Ekitaldia amaitzerakoan, 50 bat lagunez ostatutako gaitero talde bateak Donostiako erdiguneko eta Parte Zaharreko kaleak zeharkatu zituen.

Arratsaldean, ongietorria egin zieten Seguran, afari batekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.