Nafarroako Parlamentuak oinarrizko errenta jasotzeko eskubidea gehiago mugatzea onartu du gaur, UPN, PSN eta PPren botoei esker. Errenta jaso ahal izateko, modu legalean gutxienez bi urtean bizi beharko da Nafarroan —aurreko baldintza urtebetekoa zen—. Beste baldintzak: 25 urtetik gorakoa eta 65etik beherakoa izatea.
Errenta jasotzeko epea sei hilabetetik bi urtera bitartekoa izango da. Zenbatekoak: pertsona batek hilero 641,40 euro, bi lagunek 769,6, hiruk 833,82, lauk 897,96 eta bostetik gorakoek 962,10.
NaBai, Bildu eta Ezkerra neurriaren kontra azaldu dira.
Iruñerriko langabeen plataformak protesta egin du gaur Iruñean; Ongizate Sozialaren bulegoan sartu dira.
Esanak
Jose Antonio Rapun (UPN): "Gaurko egoerak aldaketak eskatzen ditu, baina errentaren eskubide soziala bermatuta geratu da".
Maria Victoria Arraiza (PSN): "Ikuspegi aldaketa dago, baina legeak ez du inor utzi bazterrean".
Enrique Martin de Marco (PP): "Beharrezkoa zen araudia aldatzea. Hasierako asmoak ez zeukan behar adinako sentsibilitate sozialik".
Xabier Lasa (NaBai): "Proiektu eskuindarra da. Bidaia lagunak zein dituen begiratu behar du PSNk".
Bikendi Barea (Bildu): "Ez dira eskubide guztiak bermatzen, baldintzak gogortu egin dituztelako. Pertsona batzuk amildegiaren ertzean laga dituzte".
Txema Mauleon (Ezkerra): "Arloko eragileekin ez dira egon legea eratzeko prozesuan. Astakeriak daude legean".