Nafarroako Osasun Plataformak manifestaziora deitu du, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak oinarrizko laguntzan egin dituen aldaketak salatzeko. 18:00etan hasiko da protesta, Iruñeko autobus geltoki zaharraren parean. Plataformako kide eta Osasunbideko langile David Mendazak nabarmendu du Osasun kontseilari Marta Verak ez zuela egia erran atzo, parlamentuan egin zuen agerraldian. "Giza baliabideak berrantolatzeko plantzat" jo zituen Verak egindako aldaketak, eta posturik ez dela galdu azaldu zuen. "Hori gezurra da", erantzun dio Mendazak. Sanduzelaiko osasun etxearen aurrean egin ditu adierazpenok, eta egoitza horretan bertan gertatzen ari dena jarri du adibide: "Mediku bat kendu dute hemendik, Buztintxuri auzoko osasun etxera eramateko. Baina kontua da hemengo postua desagertu egin dela lan taldetik", nabarmendu du. Sarriguren edo Buztintxuri auzoetan mediku premia badela onartu du Mendazak, eta salatu du postu horiek betetzeko langileak kontratatu beharrean, bertze hainbat osasun etxetakoak tokiz mugitu dituela gobernuak, hutsik utzitako postu horiek bete gabe.
Sanduzelaiko auzokideak ere haserre dira egin dituzten aldaketekin. Astelehenean elkarretaratzea egin zuten osasun etxearen aurrean mediku bat kendu izana salatzeko. "Horrek erran nahi du dauden medikuen lan zamak gora egin duela, eta zerbitzuaren kalitateari eragiten dio horrek", azaldu du Sanduzelaiko bizilagun Aurora Lagok. Bat egin dute auzokideek larunbateko manifestazioarekin. Sanduzelaitik 17:00etan abiatuko dira larunbatean, protestan parte hartzeko.