Politika

Oinarrizko zutabeak defendatzeko "beste egoera bat behar" dela nabarmendu dute Barrenak eta Olanok

Markel Olano EAJko EBBko kidea eta Pernando Barrena Batasunekoa bat etorri dira "egun bizi dugun egoera gainditzeko beste egoera bat behar" dela esaterakoan. Euskadi irratiko tertulian Olanok adierazi duenez, oinarrian jarri beharreko hitzak Juan Mari Torrealdaik larunbateko manifestazioaren amaieran botatakoak dira: "Herri honek, euskarak eta euskal kulturak bezala, askatasuna eta bakea behar du". Krisi, defuntzio eta eguneratze hitzak erabili dituzte, bestalde, egungo egoera politikoa deskribatzeko Olanok, Barrenak eta Aranak, hurrenez hurren.

2003ko urriaren 24a
17:16
Entzun
Estatutuak 24 urte beteko ditu bihar, eta Gernikako estatutua erreformatzeko testu artikulatua onartu dute bihar. Iturgaitzek Espainiako Kode Penala aldatzea proposatu dezakeela esan zuen atzo, Espainiako Gobernuak desobedientzia zibilari dagokion zigorrak gogortzeko. Sabin Intxaurraga Eusko Alkartasuneko parlamentario eta Ingurumen sailburuaren iritziz, PPk egiten duena "adar jotzea" da.

"Arazo politikoei aurre egiteko Kode Penalaren aldaketaren mehatxuaz jokatzen du PPk. Kode Penalek egonkortasun bat izan behar dutela iruditzen zait, aldian aldiro, tentazioa horretan erortzen baitira PPKoak. Bihar Gobernu Kontseiluan onartuko dugu lege proposamen hori guztiz demokratikoa dela iruditzen zait, eta demokraziari aurre egiteko ez ditugu erabili behar zeharkako bideak", azpimarratu du Intxaurragak.

Mikel Arana EB-IUko kidearen arabera, PPk bi "manporrero" ditu. "Villar eta Iturgaitzek globo sondak botatzen dituzte, demokrazia kutsurik ez duten proposamenak egiten dituzte", esan du. Aranaren esanetan, Konstituzioak bere baitan erreformatzeko aukerak ditu, baldin eta gehiengoak hala nahi baldin badu, baina Iturgaitzen hitzek, "España una, grande y libre" ideia islatzen dute.

Eszenatoki berriaz eztabaidan

Ramon Etxezarreta PSE-EEko kide eta Donostiako zinegotziaren arabera, Estatutu bat badago. " Estatutua ez da betetzen, eta interlokutoreek aldatu nahi ez dutenez, guk Estatutua aldatuko dugu", nabarmendu du Etxezarretak. Edukia testu artikuluaren zehaztasunetan ikusiko direla adierazi du PSE-EEko kideak, eta garrantzitsuena Estatutuak lehen baino kontsentsu gehiago izatea dela azpimarratu. "Nazionalista eta ez nazionalista sentsibilitateak sintesi batera iritsi beharko lirateke, baina ez diot etorkizun onik ikusten", zehaztu du.

Penando Barrena Batasuneko kidearen esanetan, berriz, "gaindiketa" da hitza. "Estatutua gaindituta dago, eta momentu honetan estatutuaren defuntzio agiria jasotzen ari gara. Beste batzuek esango dute beste zerbait behar dela, baina nire ustez sintesi moduan adierazteko, Estatutuaren fase politikoa gaindituta dago", azpimarratu du Barrenak.

Gainditzeko behar hori herri honetan gehiengoa dela adierazi du, eta eragileek behin eta berriz diotela hori. "Nire ustez faktore nagusia izan behar du sintesia, egoera berri bat ezagutzeko herri honek. Abertzaleen eta aurrerakoien artea bilatu beharko litzateke, baina ez dut deskartatzen beste eragile batzuk hor parte hartzea, baina momentu honetan zailtasunak ikusten ditut horretarako", esan du. Barrenaren ustez, eszenatoki ezberdinak egongo dira, eta testu artikuluaren bueltan egongo gara Legebiltzarrean, baina "Nazio eztabaigunea" bezalako guneak hor daudela gaineratu du, "baita sor daitezkeen gainontzeko eszenatokiak ere".

Barrenaren irudiz, joko zelai horietan mugitu beharko litzateke, eta lehengo larunbateko manifestazioan eragile politikoei hori eskatu zigutela ekarri du gogora. "Nire dezepziorako guk erantzun genion eskaera horri, baina beste alderdien aldetik ez dut horrelakorik entzun", amaitu du.

Olanorentzat, "krisi" hitza erabili behar da

Markel Olanok krisi hitza erabiliko lukeela esan du, "krisi garaia bizi dugu". Orain arteko baldintzak zalantzan jarri direla dio, kolokan jarri direla, eta garai hau egokia dela garai berri batera aldatzeko. "Krisiak irudi ezkorra ematen du, eta kontzeptu ezkor horiek beste eszenatoki batera eramanez gainditu behar ditugu. Alde batetik, adimena eta malgutasuna behar dugu, eta norberaren posizioa dantzan ipintzea", esan du.

Lehengo larunbateko manifestazioan botatako hitzak ekarri ditu gogora Olanok. "Zer defentsa jarri behar diogu gure hizkuntzari, gure kulturari, herri honetan oinarrian dauden kontuetan. Zer egin behar dugu eraso horiek errepika ez daitezen?", galdetu du. Beste egoera beharrezkoa da oinarri-oinarrizko ditugu kontuak defendatzeko, Olanoren ustez, eta oinarrian jarri beharreko hitzak Torrealdaik botatako hitzak direla azpimarratu: “Herri honek, euskarak eta kulturak bezala, askatasuna eta bakea behar du”.

Aranak "egokitzea" ikusten du

Krisi edo defuntzio hitzak erabili ordez, eguneratze edo egokitze hitzak erabiliko lituzkeela aipatu du Mikel Arana EB-IUko kideak. "Estatutua onartu zenean egoera historiko politiko zehatz bat zegoen, eta lortu zena lor zitekeen onena izan zen. 24 urte hauetan Gobernu kota lortu ditugu, baina arauak egokitu egin behar dira egoera ezberdinetara, eta gaur egun gizarteak eskatzen duena egokitze bat da", azpimarratu du Aranak. Lehendakariak bere planteamendua egiten duela adierazi du, EB-IUk berea egiten duela eta gainontzekoek gauza bera egitea espero duela azpimarratu du. "PPn histerismoa sumatzen da, eta bihartik aurrera egoera krispatua ezagutuko dugu. Agian saiatuko da Legebiltzarrera hori iritis ez dadin, eta hori oso latza da. PSOE hortxe dabil, ez atzera ez aurrera", esan du Aranak.

Ezker abertzaleak berea aurkeztu du

Tertuliaren moderatzaileak, hemendik urte batera baiezkoa Ibarretxeren proposamenari baiezkoa emango ote dioten galdetu dio Barrenari, eta honek, momentu honetan igarle lanak egitea zaila dela erantzun dio. "Une honetan gauza batzuk xake taularen gainean jar daitezke. Urtebete barru ze egoera polítiko izango dugun argitzerakoan badira elementu batzuk zirt edo zart egin beharko dutenak. Egoera honetan ezker abertzaleak bere proposamen politikoa eguneratzeko beharra dauka", esan du.

Raxoi eta Aznar hor daudela gogoratu du, eta beraien erabakiak ondorioak izan ditzaketeela gaineratu, "baina ni gehiago kezkatzen nau hemen etxean egon daitezkeen aukeren bideragarritasuna".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.